AHT, lur-desjabetzeak eta herritarren borondatearen kontrako saioa Urbinan
Urbinan, Legutio Udalerrian, Abiadura Handiko Trenaren (AHT) proiektuaren gaineko herri galdeketa egin zutenean, aurkako emaitza atera zen. Herri horretan, Euskal Herri osoan bezala, abiadura handiko trenen eta azpiegitura erraldoien gaineko eztabaidaren aldeko ahotsa gero eta ozenagoa da. Hala ere, administrazioek behin eta berriz entzungor egin diote ahots horri. Atzo, Sustapen Ministerio espainolak AHTren lanak hasteko lurren nahitaezko desjabetzeak egiteko agindu zuen, eta hartarako Legutioko Udalak desjabetze aktak sinatu behar zituen. AHT Gelditu! Elkarlanak deituta, hainbat lagun elkartu ziren Udaletxean, herri galdeketa errespetatzeko eskatze aldera. Alkateak ez zituen aktak sinatu. Herritar askorentzat mehatxua zena lehenbailehen gauzatzeko asmoa dute, eztabaidari tarterik utzi gabe. Eta eztabaida ezinbestekoa da, AHTren gainean ez ezik, garapen ereduen gainean ere bai, bizi ereduen gainean, azken batean, jardun demokratikoa delako. Administrazioek herritarren parte-hartzeari uko eginda, haien borondatearen kontrako erabakiak aurrera eramaten dituztenean, izaera demokratikoa gezurtatu egiten dute. Atzo Urbina horren lekuko izan zen.