OTHMAN ALFREDO GÓMEZ-C. KORTAZAR Deustu-Bizkaia
Anaia Nordin Paradisuan egongo gara inxaallah
Allah, Errukitsuena eta Bihozberenaren izenean. Bakea zuekin. Goraipatua izan bedi Allahren izena!
Pasatu den ekainaren 14an, Allahk duen Betiereko Presentziaren erakustaldi argia edu- ki genuen Bilboko musulmanok: gure anaia Nordin bilbotarra, aljeriar jatorriduna, lan istripuz hil zen Gasteizeko eraikin batean, bosgarren solairuko altueran zegoen aldamio batetik erorita. 27 urte zituen eta osasuntsu zen. Halaber, arreba musulman batekin ezkonduta zegoen. Musulman zintzo eta argia genuen, Hajja edo Mekarako erromesaldia iaz egindakoa.
Bilboko Bader Meskitan Adana edo Otoitz egiteko deialdia sarritan egindakoa, Maiatzaren Bia kaleko Otoitz Areto bisitatuaren imam edo otoitzaren buru gisa maiz ziharduen. Sukaldariak pil-pilean dagoen bakailoa sutik ateratzen duen bezala, gure Sortzaileak, Allah Eskuzabalenak -goraipatu bedi bere Izena-, bere Islamaren praktika goreneko gradu batean aurkitzen zenean anaia Nordin eroan egin zuen; Amaierako Epaiaren egunean Paradisua eskuratzen dutenen artean egon bedi! Horixe da musulman gisa zure anai-arrebok Allahrengandik jasotako mezu argia, zu desagertzeak asteburu honetan eman digun samina dastatu arren.
Nordin, zure izena izanaren isla garbia da: Erlijioaren Argia. Zure begirada goxoa, zure islamiar agur zintzoa («Assalamu alaikum» eta bostekoa gogoz), aparteko Fede baten erakuslea zen Bilboko musulmanontzat.
Allah Ahalguztidunak onartu beza gure anaia Nordin Jannan (Paradisuan). Amin. (O Allah! Entzun gaitzazu!). Allah Orojakileak onartu bitza bere alde egiten ditugun eskabideak. Amin. Allahk babestu bitza bere emaztea eta sendi osoa. Amin. Allah Oroikusleak zigortu bitza bere heriotza eragin zuten ingurua barretan nahastuta dabiltzan erakundeetako arduradunak asmo txarrez hartutako neurriengatik eta beren langileen segurtasunarekin izandako utzikeriagatik. Amin. Allah Zigortzaileak eta Barkatzaileak eraman gaitza Bide Onean zehar Bikaintasunerantz. Amin.