GARA > Idatzia > Txokotik

Mikel Aramendi Kazetaria

CIAren gazikutxa eta ezerezeko festa

Salmenta komertzialaren ereduekin funtzionatzen duen politika (?) horrekiko sinesmen apurra geratzen zaienei, bihotz-taupadak bizkortu zaizkie. «Bere armairuko eskeletoak ateratzera doa CIA», iritzi diote hainbatek ostiralean Hayden jeneral-zuzendari nagusiak egindako iragarpenaren ondotik: aspaldiko urteo- tan eskubide zibilen aldeko mugimenduek eta zenbait ikerlarik eskatu dituzten isilpeko dokumentu mordoa, dozena bat mila orrialde guztira, desklasifatzeko agindua eman duela alegia. Haydenek berak aurreratu du «ez dela batere txukuna bertan agertzen dena, baina geure historia da». Paperok 1953 eta 1973 bitartekoak, hots, duela mende heren batekoak, direla esatea ere ahaztu egiten zaie batzuei.

Ez aztoratu gehiegi, ez dator inolako stripteaserik eta. Argitaratzear dauden dokumentu horien edukia ezaguna da gaingiroki aspalditik. Hortik dator, hain zuzen, haien eskea. 1973an, Watergate kasuak eragindako nahasmenean, sei hilabete eskasez CIAko zuzendaria izan zen James Schlesinger-ek eginarazi zuen txostenean hasten (eta amaitzen) da dena. Ia zazpiehun orrialdeko txosten hartan laburbiltzen ziren aurreko hamarkadetan CIAk bere araudia edota AEBetako lege arrunta urratuz egindako operazioak. Hemezortzi guztira: entzuketa eta zaintza ilegalak, atzerriko estatuburuak hiltzeko saioak, etab. Duela 34 urteko txosten hura eta haren sorburu ziren dokumentuak dira argitaratuko direnak.

Hamazortzi lege-hauste besterik ez hogei urteren buruan? Tira. Schlesinger txostena egiteko abiapuntua eta, bide batez, CIAko funtzionario eta killerrentzat «lege urraketa» zertan zetzan (eta datzan) gogoan ez duenak ez du ezer ulertuko. Txos- tenean, esate baterako, aipatu ere ez dira egiten Mossadegh eta Arbenz erorarazteko egindakoak, edota Cochinos badiako erasoa... horiek ez zirelako Estatu Batuetako legeen aurkako ekintzak. Kazetari estatubatuarrak espiatzea, ordea, bai.

CIAren gazikutxa zabal-zabalik ikusi eta bertan egon behar duten txerrik(er)iak begiztatzeko gogoa dugunok, beraz, itxaron egin beharko dugu. Luzaro, ziur. Gainera, argitaratuko diren gaiztakeria bakan horien arduradun nagusiak (Dulles, McCone, Raborn, Helms, Colby) hilda daude. Schlesinger bera geratzen da bizirik, Nixonen memoria goraipatuz eta klima aldaketa ukatuz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo