GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Joxemari Iturralde Idazlea eta Tolosako Milakabilaka taldekoa

Errespetuaz

Iman harriaren kasuan bezala, errespetua gordetzen duen batek lortuko du aldamenekoak errespetua izan diezaion

Hitz batzuk, gu munduratzen garenean, horrexegatik bakarrik geure egiten ditugu, esan liteke gurekin batera etortzen direla mundura. Aita, ama... horrelako hitzak, gurekin datoz munduratzen garen momentuan.

Beste hitz mota batzuk, ordea, gure bizitza honetan, ez dira gurekin bizi, eskuratu egin behar ditugu, lortu, irabazi...

Lana, etxea, lagunak, bakea... ez zaizkigu ematen, besterik gabe, jaio egin garelako. Ez, irabazi egin behar ditugu, geureganatu.

Eta hitz horietako bat da errespetua. Aspaldi ezagutzen dugun hitza da, oso zaharra da hitz hori mundu honen historian, baina aldi berean oso iheskorra. Jadanik antzinako klasikoek erabiltzen zuten. Errespetua herri batean zaharrek zuten irabazia, begirunea zitzaien adinekoei bizitzan zehar lorturiko jakinduria eta esperientziagatik.

Nork bere hizkuntza (eta ez kanpokoa) erabiltzeagatik ere irabaz zitekeen errespetua edo begirunea. Hori ere ikasi dugu liburu klasikoetan. «Don Kijote Mantxako» liburuan, Cervantesen nobela zoragarri horretan, irakurtzen dugu apaizak esaten duela, bizarlariarekin duen aparteko eszena hartan, Ludobiko Ariosto bera ere aurkitzen badu berea ez den hizkuntzan mintzatzen ez diola batere errespeturik gordeko; baina bere hizkuntzan mintzatzen baldin bada, bere buruaren gain-gainean jarriko duela. Ideia hau oso interesgarria da, ikusten baita hemen errespetua lotzen dela inguruko gauzekin, ingurukoari begirunea izatearekin.

Horretarako ingurukoa ezagutu egin behar da, zerbait errespetatzeko aurrena zerbait hori ezagutu egin behar da, eta ezagu- tzeko begiratu egin behar da.

Klasikoek ederki asko zekiten hori: gure «errespetua» hitza latinetik dator, respetus hitzetik, hain zuzen. Eta haientzako respetus horrek «bi aldiz begiratu» esan nahi zuen, «atzera begiratu» esan nahi zuen.

Gure «begirune» hitza ere hortik dator, begiratzetik. Aurrena, beraz, ondo begiratu behar da inguruan daukazuna, atzean utzi duzuna, eta behin zerbait ondo begiratu eta ondo ezagutzen duzunean, orduan errespetatuko duzu. Baina gauza hori ezin da inposatu, ezin da behartu. Errespetua irabazi egin behar da, errespetua ezin da hartu, ezin da lapurtu, ezin da bortxatu.

«Don Kijote»ren beste eszena famatu hartan gizon batek kristoren jipoiak ematen dizkio bere mutiko morroiari eta defentsa lanetan Don Kijote azaltzen da mutikoaren rodeo. Don Kijotek morroiari esaten dio itzul dadila nagusiarengana ez zaiola-eta ezer gertatuko.

-Nik horrekin joan -zioen mutikoak- berriz gainera? Ez jauna ez, ezta ezerengatik ere; San Bartolome bat bezalaxe larrutuko nau.

-Ez du horrelakorik egingo -berriz erantzun Don Kijotek-; aski da nik agindu izana, nireganako errespetua gorde dezan.

Pasarte honetan Don Kijotek uste du nahikoa dela agintzea gizonak errespetua gorde diezaion. Jakina, Don Kijotek alde egin bezain pronto kristorenak eta bi ematen dizkio berriz nagusiak morroi gizajoari.

Ez, errespetua ez da eskuratzen agindu hutsarekin. Errespetua errespetuarekin irabazten da, errespetua errespetua erakutsiz lortzen da. Iman harriaren kasuan bezala, errespetua gordetzen duen batek lortuko du aldamenekoak ere errespetua izan diezaion. Bestea hurbilduko zaio errespetua erakusten duenari, burdin pusketa iman harriari itsasten zaion moduan. Hori da modua, eta hori da modu bakarra agian. Horrela, zenbat eta pusketa handiagoa gauzatu, zenbat eta iman handiagoa osatu, orduan eta indar erakargarriagoa suertatuko da. Eta horrek efektu areagotzailea izango du jendearengan.

Kontua da, beraz, errespetua gorde eta mantentzen duen jende multzorik handiena osatzen joatea, errespetua erakutsiz beti ere, orduan eta indar erakargarri handiagoa lortzen joateko. Behin horrela, errespetua aldarrikatzen dugu, hemengo gauzei errespetua, bertakoen eskubideei errespetua. Errespetuaren heziketa denontzat.

Ispilu batek irudia jaso eta itzultzen duen modura, geuk ere errespetua erakusten dugu, eta gurekiko eta hemengo gauzekiko errespetua aldarrikatzen dugu. Eta errespetu hori zabal dadila denen artean, ispiluak ematen duen irudia hedatzen den moduan, eta ispiluak irudi garbia islatzen duen bezala denek erakutsi dezatela denen aurrean beharrezko errespetua. Hori da gure aldarria.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo