GARA > Idatzia > Kultura

Elurretan taldeak «Maitaleak» bigarren diskoa kaleratu berri du diskoetxe propioarekin

Besteak beste, galizieraz abestutako kantak eta Brasilgo bossa doinuak jaso ditu Ordiziako taldeak bere lan berrian. Guztira bederatzi abesti dakartzate Elurretan taldeko kideek. Denetan, maitasuna da gai nagusia.

Josune VELEZ DE MENDIZABAL | ORDIZIA

«Mara-mara» izeneko diskoa izan zen Ordiziako musikariek aurkeztu zuten lehen lana. Ordutik bi urte pasa dira eta, orain, euren disko berria kaleratu berri dute. «Maitaleak» lanarekin Oinagu Diskak zigilua ere estreinatu du Elurretan taldeak.

Orain arte Beasaingo diskoetxe batekin aritu diren arren, musikariek disko berria euren kaxa egiteko erabakia hartu dute. «Laguntza jaso dugu oraingoan ere, baina neurri handi batean gure lan propioa ekoizteko gai garela kontuan izan eta gure kaxa aritu gara. Izan ere, emaitzak gehiago baloratzen dira lan osoa norberak egiten duenean, nahiz eta lan handiagoa eskatu», azaldu du Mikel Aizpuruak, taldeko kantarietako batek.

Umeen freskura ukitua

Elurretan oso gustura geratu da emaitzarekin. Guztira bederatzi kanta jasotzen ditu «Maitaleak» diskoak. Izenburuaren zergatiaz galdetzean, Mikelek maitasuna letra gehienen protagonista dela onartu du. Maitasunaz gain, tristura, umorea eta ironia ere lantzen dituzte Ritxar Gomez eta Mikel Aizpurua abeslariek. «Kantak nahiko biografikoak dira», adierazi dute.

Horregatik, orain arteko disko intimoena egin dutela onartzen dute ordiziarrek. «Aurreko laneko pop estilo bera mantendu dugu, baina bigarren disko hau, agian, gordinagoa eta biluziagoa da». Doinuei dagokienez, berriz, oraingoan galizieraz abestutako kantak eta Brasilgo bossaren ukitua dutenak ere badaude.

Mikel eta Ritxarrekin batera, Amaia Astobiza, Olatz Orobengoa, Itziar Gomez eta Josune Aizpuruak abestu dute diskoan. Era berean, ume ahotsak eta argazkiak jasotzen ditu «Maitaleak» lanak. «Gure zenbait kanta infantilak ere badira. Horregatik, umeek abesten dute. Gainera, haurrek freskotasun ukitua ematen diote diskoari», aitortu du Mikelek. Abestien hitzak apaintzeko argazkiak ere ikus daitezke. «Gu guztion txikietako irudiak dira», azaldu du.

Taldearen berezitasun nabarmenena kontzerturik ez duela eskaintzen da. «Euskal Herrian kontzerturik eskaintzen ez duen beste talderik ez dugu ezagutzen, baina hemendik kanpo bai, adibidez Alaska y Dinaraman ibilitako Carlos Berlangarena. Diskoak kaleratzen ditu baina ez du zuzenan jotzen», esan digu Aizpuruak. «Azalpena oso sinplea da, guri kantak sortzea gustatzen zaigu eta horrekin gustura geratzen gara. Jakin badakigu horrela diskoaren 1.000 kopia saldu beharrean agian 300 bakarrik salduko ditugula, baina gure helburua ez da entzulego handi batera heltzea. Izan ere, guk badaukagu dagoeneko gure entzulegoa».

BEREZITASUNA

Ordiziako taldeak ez ditu kontzertuak eskaintzen. «Guri kantak sortzea gustatzen zaigu eta horrekin gustura geratzen gara», azaldu dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo