Gorputzari eta ahotsari ahal den onura gehien ateratzen irakatsiko dute Nafarroako Antzerki Eskolan
Abuztuan eta irailean NAEk hiru ikastaro eskainiko ditu. Hainbat adituk zenbait diziplinarekin harremanetan jartzeko teknikak irakatsiko dituzte, gorputz eta ahotsari ahal den onura gehien ateratzeko.
Rebeka CALVO | IRUÑEA
Nafarroako Antzerki Eskolak, duela hogei bat udatan egin izan duen moduan, aurtengoan ere Udako Ikastaroak jarri ditu abian. Hiru izango dira zehazki eta zentru horretako Amelia Gurutxarrik azaldutakoaren arabera, eskolek «antzerki munduko profesionalen edota aktoreen formakuntza osatzea» dute xede, ildo horretatik, «diziplinekin harremanetan jarri edo teknika zehatzetan sakondu ahal izateko».
Hiru ikastaroetatik bakarrean hartu ahal izango du edozeinek parte, «Gorputza: soinudun tresna» deitu diotena, alegia. «Antzerki, mugimendu eta ahots tailerra» ikastaroan aktoreei eta antzerki munduko jendeari soilik zuzendutakoa da, eta azkenekoan, «Clown kurtso intentsiboa»n, Gabriel Chame Buendia irakasleak parte-hartzaileek aurretik horrelako beste kurtsoren bat eginda izateko eskatu du. Ikastaro guztiak abuztua eta iraila bitartean egingo dituzte eta horien ardura antzerki munduan eskarmentu handiko pertsonek emango dituzte.
«Gorputza: soinudun tresna (aho-adierazpenera eta teknikara hastapena)'' Assumpta Bragulatek emango du abuztuan eta bertan ahotsa garatzeko eta askatzeko ditugun gorputzaren baliabideak ezagutzeko aukera emango diete ikasleei. Ikastaroaren ardatza ahots teknika aproposena lortzea izango da. Bragulat aktorea da eta ahots tekni- ketan aditua, 1990. urtetik Nafarrroako Antzerki Eskolako Ahots Saileko irakaslea da.
Madrilgo adituak
Bigarren kurtsoa irailean izango da. «Antzerki, mugimendu eta ahots tailerra» Mar Navarrok eta Andres Hernandezek emango dute. Kurtso horretan, naturaren dinamiken ikerketen bidez aktoreei sormen unean lagunduko dieten lantresnak garatuko dituzte. Honakoan «aire, sua, lurra eta ura elementuak eta begetalak, animalienak edo gizakienak diren elementuak» aztertuko dituzte, «behaketaren eta lan-teknikoaren bidez. Gorputzaren eraginaz ikertutako dinamiken eta joku dramatikoaren elkarrekikotasuna bilatuko dugu, elementu eta materiek sentimenduen adierazpenera gerturatzea ahalbidetuko digute eta animaliena pertsonaien eraldatzera» esan du Amelia Gurutxarrik.
Mar Navarro eta Andres Hernandezek antzerki eskola propioa dute Madrilen, 1996. urteaz geroztik. Navarrok Parisko Jacques Lecoq eskolan ikasi zuen, eta pedagogian espezializatu zen; Andres Hernandez ahotsean espezializatu zen Roy Hart Theatren eta Odin Teatreten.
Clown ikastarorik ere izango da uda honetan Nafarroako Antzerki Eskolan, irailaren 10tik 14a arte, hain zuzen ere. Irakaslea, Gabriel Chame Buendia da, 1999tik 2003ra Cirque du Soleilen parte hartutakoa hain zuzen. Clown bezala Quidam espektakuluan ere hartu zuen parte Europako, AEBtako eta Japoniako giratan. Une honetan, kurtso horretako irakaslea Sevillako Antzerki Institutuko irakaslea da, J.C. Coraza estudioarena eta eskolak ematen ditu baita Madrilen eta Pariseko L'Ecole Nationale de Cirque-n ere.
Clown gisa prestatu
«Clowneko kurtso intentsiboa»n «galdutako clowna» aurkitzen saiatuko dira, horretarako «barregarri geratzeari» diogun beldurrari aurre egitea eta «gure clown propioa» aurkitzen laguntzea izango da helburuetako batzuk. «Clownak, jakin gabe, ulertu gabe, guztian sinesten du eta guztia ongi egiten saiatzen da, oso modu positiboan gainera, gizartetik at uzten duen moduan hain zuzen», azaldu du Gurutxarrik.
Ikastaro horietan izena emateko epea bitan banatu dute: lehena ekainaren 11n hasiko da eta bigarrena abuztuaren 1etik aurrera izango da zabalik.