Sanferminen jarraipena sarean, Kukuxumusuren eskutik
Iruñeko Kukuxumusu enpresak Sanfermin jaiei buruzko lehenengo Internet bidezko telebista jarriko du abian datorren igandean. Egunerokotasunetik abiatuz, antzinako jaien errepasoa, marrazki bizidunak edota telesailak eskainiko dituzte sarean.
Amalur ARTOLA | DONOSTIA
Aski ezaguna da Kukuxumusu enpresak Sanfermin jaiekiko duen lotura. Oraingo honetan, Iruñeko jai ezagunenen gaineko telebista osatu dute sarean, emanaldi jarraituak igande honetatik aurrera eskainiko dituena. Euskaraz, gaztelaniaz edota ingelesez, ikus-entzuleek festei buruzko informazio zabala jaso ahalko dute doan.
Sanferminak sekula galtzen ez dituena eta festak ezagutzen ez dituena, biak hartu dituzte aintzat web-orriaren edukiak diseinatzeko orduan. Hartara, ikus-entzunezko artxiboak zintzilikatu dituzte informazio orokorraren berri emateko (Sanferminen azalpena, Iruñea ezagutu, garraioa, non lo egin eta jan...) eta, era berean, azken urteetako entzierro ikusgarrienen bideoak eskaini eta, «Prehistory» atalean, antzinako jaien errepasoa eskainiko dute.
Eduki horiez gainera, eguneroko entzierroen berri emango dute eta zenbait kazetari kaleko albisteen bila ariko dira festek irauten duten artean, erreportaje eta elkarrizketak egiten. Oraindik zehazteke badaukate ere, Sanferminei buruz ari diren edo nolabaiteko lotura duten telesail eta marrazki bizidunak ere emango dituzte.
Eduki horiek ikusteko ikus-entzuleek hiru aukera izango dituzte; hogeita lau orduko emisioa jarraitu, ikusi nahi duten bideo zehatza hautatu edo euren programazioa osatu; alegia, ikusi nahi dituzten artxiboen zerrenda osatu eta bata bestearen atzetik ikusteko aukera ere eskainiko da. Era berean, erabiltzaileek web-orrian euren bideo edota argazkiak zintzilikatzeko aukera izango dute, gainontzekoek ikus ditzaten.
Jakinarazi dutenez, behin Sanferminak amaituta web-orriaren funtzionamendua ez da etengo eta, berrikuntza gutxiago egongo direla onartu arren, jaien inguruan sortzen diren albisteak sartzen jarraituko dutela azaldu dute.
Sareko telebistaren lehenengo emanaldi jarraituak igandean hasiko badira ere, aste honetan zehar frogratan arituko dira eta, mementoz, «El kalimotxo de mamá» aurtengo jaietarako egin duten abestiaren bideoklipa dago ikusgai. Juanma Bajo Ulloaren zuzendaritzapean, Pablo Carbonell antzezlea da Kukuxumusuk ekoitzitako bideoklipeko protagonista nagusia.