Errealititia
Ines INTXAUSTI
Telebista kritikaria
Pasa den egunean, ETBk reality-rik ez zuela esan baino lehenago, bazegoen ba deialdi bat egina pantaila erditik zuzen-zuzenean. Joan den mendearen hasieran bizitzeko lau laguneko sendiak eskatu dituzte bertan. Dirudienez, antzinako baserrietan bezala (gurean bezala, gaur ez luke inork beste baten ondoan atxikita bizi nahi... ala bai?) bi familia izango dira lehian; batzuk ezkerreko atean eta bertzeak eskumakoan.
Ez du oso erakargarria ematen, baina Galiziako telebistan estreinatutako saio batean oinarrituta dago eta, dirudienez, eredugarria izan da, nonbait. Baina, eredugarria zerekin parekaturik? Hondurasko uhartean bukatzear dagoen Juanito Oiarzabalen saioarekin, adibidez? Piripi Estradak telebistan egiten dituen sartu-irtenekin?
Baserriko saioa ez da oraingoz hasi. Zaila baita joan den mendeko hasieratik ikutu gabe dagoen etxerik aurkitzea. Eta produkzio lanak ez dira makalak izan arlo honetan. Baina telebistak bilatu eta egokitu du hala izan dadin. Elorrion. Gauzak horrela, dena errazago. Lehiakideei dagokienez, zailagoa dute. Ez omen du inork halako egoeretan sartu nahi. Edo gutxi dira izena eman dutenak. Baserrirako itzulia hartzea mitoa besterik ez omen da, beraz.
Saio horretan frogak bete beharko dituzte lehiaketa bada ere, jakina: baratza landu, azienda gobernatu eta baserria errentagarri bihurtu. Entzun dizuet maiteok: glamourrik gabekoa. Zalantzarik gabe, bai.
Horrexegatik, hain zuzen ere A3koek Paris Hiltonek Ipar Amerikan egindako realitya erosi dute. Paris Wisconsingo baserri batean bizitza normalean sartuta: Paris makilatu gabe, Paris orraztu gabe, Paris takoirik gabe, Paris limousinarik gabe, Paris ogi lehorra jaten, Paris VISA(gra)-gabe eta hamaika gehiago.
Ezin asmatu Euskal Herriko ikus-entzuleek bi reality hauen artean zein aukeratuko luketen ordu berean eskeiniko balizkigukete ETBk eta A3k. Agian gure baserri horietan Anne Igartiburu, Nerea Garmendia, Ainhoa Arteta edota Iratxe Elorriaga sartuko bagenitu, batek daki. Askoz ere erakusgarriago gerta liteke.