«Eskubidea duzue AHT-ren kalteak ezagutzeko»
Abiadura Handiko Trenaren aurkako ekintzek ez dute etenik. Horren froga dira asteburu honetan Irunen eta Itsasondon izan diren ekitaldiak. AHT Gelditu! Elkarlaneko kideek parodia egin zuten Renfeko bagoietan eta «errespetua» eskatu zuten elkarretaratzean.
GARA |
AHT Gelditu! Elkarlaneko kideek aldiriko trena hartu zuten larunbat goizeko 11.12an, Irungo Renfeko geltokian, eta prentsaurreko-parodia egin zuten Irun eta Errenteria arteko ibilbidean. Ekintza horren bidez, «Abiadura Handiko Trenaren egitasmo suntsitzaile honen inguruan dagoen informazio eza salatu» nahi izan zuten, baita «behingoz gelditu dezatela exijitu» ere. Hala, geltokiko buruak AHT proiektuaren bultzatzaile diren instituzio eta alderdien jarrera salatu zuen, egitasmoak eragingo lituzkeen eragin kategarrien berri ematearekin batera.
«Eragin lazgarria du garraioaren hazkundearen etengabeko logikak, bereziki Txingudi alde honetan, eta hori ere salatu nahi izan dugu», agertu zuten plataformako lagunek. AHTk logika hori areagotzea dakarrela ohartarazi zuten eta herritarrei jarrera aktiboa hartzeko deia egin zieten.
Errenteriatik Irunerako bueltan, ekintza bera errepikatu zuten. «Dena ederki» joan zela jakinarazi zuten.
500 euroko hamaika billete
Larunbat goizean Renfen zihoazen bidaiariek ezustekoa hartu zuten ondoan eserita zeuden pertsona batzuek 500 euroko billetez betetako maleta bat harro-harro zabaldu zutenean. Gizonek trajea eta gorbata zituzten soinean; emakumeek, armairuko bitxi eta jantzi dotoreenak. Eraikuntza enpresen sinbolo diren kaskoak eta EAJren eta PSOEren logotipoak ere ikus zitezkeen.
«Egun on denoi -erran zuen halako batean txapel gorria eta atorra urdina zituen gizon batek, geltokiko buruak, AHTren aurkako kamiseta zuriko hamaika lagun ondoan zituela-. Ongi etorriak eta eskerrik asko gurekin bidaiatzeagatik. Enpresa honetako ordezkari naizen aldetik zuen ongizatearen erantzule ere banaiz, eta bidaia ona izango duzuela espero dut».
«Zuen baimenarekin, Abiadura Handiko Trenaren eraikuntzari buruzko hainbat kontu aipatuko dizkizuet. Izan ere, egitasmo horrek eragingo dituen izugarrizko kalteak ezagutzeko eskubide osoa duzue, eta etengabe, funtsezkoa den informazioa ukatzen ari zaizkigu».
«Egitasmoak ez die erantzuten aldiriko zerbitzu honen erabiltzaileen benetako interesei. Hiriburuen arteko bidaiak egiten dituztenei baino ez die mesede egingo, eta bidaia guztien % 3 da soilik mota horretakoa. Ingurumenean eta ekonomian hainbesteko kaltea onar al daiteke? Joan-etorrien %3 horrek justifikatzen al du tamainako txikiziorik?», galdegin zion geltokiko buruak inguruko jendeari, onuradunak «enpresariak, politikariak eta enparauak» izanen direla baieztatu aitzinetik.
Txingudi eskualdeko AHT Gelditu! plataformak bezala, Goierrikoak ere ekitaldia egin zuen atzo. «Herria errespetatu. Sondeorik ez» pankartaren gibelean elkartu zen hainbat lagun Itsasondon.