Nafarroako Gobernua, NaBairen eta NEBren eskaeren erantzunei begira
NaBai koalizioak gobernu ezberdina eratu nahi du Nafarroan, UPN gidari izanen ez duena. Hori da PSN eta NEB alderdien asmoa ere. Azken egunotan eskaerak egin dizkiete batzuek bertzeei, eta erantzunen esperoan zeuden denak atzo gobernuaren geroa argitzeko.
GARA |
Oraindik argitzeko dago zein izanen den Nafarroako Gobernuaren etorkizuna. NaBai PSNren erantzunaren zain zegoen atzo, joan den ostegunean honako eskaera egin baitzion alderdi sozialistari: eurekin eta NEBrekin koalizio gobernua osatu eta aldaketa politikoaren alde egiteko prest dagoen argitzeko erran zion, idatziz eta jendaurrean. Epea ere jarri zion: gaurko eguna hain zuzen ere.
Nafarroako Ezker Batuak ere gaurko espero zuen NaBairen eta PSNren erantzuna. Larunbatean proposamena egin zien biei, elkartu eta aldaketa sustatzeko bakoitzaren borondate politikoa aztertzeko deia.
Lehenbiziko auziari dagokionez, Fernando Puras hautagai sozialistak zera adierazi zuen ostiralean: «Gure konpromisoa formala izan da orain arte, eta hala izaten jarraitzen du. Horren erakusgarri da PSNren Batzorde Exekutiboa eta Eskualde Batzordea akordiorako gai izatea». Nafarroa Bairekin negoziatzearen alde egin zituzten adierazpenak indarrean daudela gaineratu zuen Purasek. «Ez ditugu berrikusi», esan zuen.
PSNko hautagaiaren arabera, NaBairen eskaera konpromiso formal baten ingurukoa da, Nafarroako Gobernuan aldaketaren alde lan egiten jarraitzeko konpromisoari buruzkoa. «Zentzu horretan ari gara lanean, eta hala segitzeko prest gaude», baieztatu zuen. Honi buruz alderdiaren organoek hartu dituzten erabakiak dagoeneko idatziz daudela ohartarazi zuen, baita komunikabideek argitara eman dituztela azaldu ere.
Patxi Zabaleta NaBaiko hautagaiak, ordea, oraindik ez dutela idatzizko erantzunik jaso erran zuen. «Ez dago berririk», baieztatu zuen. PSNrekin azkeneko aldiz ostiralean izan zela eta Purasekin bertze kontu batzuez aritu zela azaldu ondotik, Zabaletak koalizioaren «eskaeran jartzen duena» ekarri zuen gogora: UPNrekin gobernua osatzeko eta horretarako erregionalisten babesa jasotzeko aukera guztiak baztertzen dituela erran behar du PSNk.
NEBren proposamena
Hau ez da, baina, mahai gainean dagoen eskakizun bakarra, NEBk bilerara deitu baititu PSN eta NaBai. Hirurak elkarrekin eseri eta bakoitzak aldaketa politikorako zer borondate duen aztertzea izanen litzateke bileraren xedea, baita borondate horri behar duen edukia ematea ere.
NEBko Ion Errok baieztatu zuenez, eskaera egina zieten biei eta atzoko edo gaurko espero zuten erantzuna. Erroren arabera, aditzeko prest agertu ziren, baita harritu samar ere, «proposamenak partidan hiru jokatzen ari direla baitio».
NEBk proposamena egin die NaBairi eta PSNri aldaketarako borondateari edukia emateko. Erantzuna baikorra izatea espero du Nafarroako Ezker Batuak, baita agertoki berria sortzeko baliagarria izatea ere.