Suitzako Itzulia Campeonato de euskadi BTT
Cancellarak azken etapa irabazi du eta Karpetsek itzulia
Suitzarra azkarrena izan zen erlojupekoan; errusiarrak, berriz, sailkapen nagusia eskuratu zuen Kircheni eta bere taldekide Efimkini erraz nagusitu eta gero
Aritz SORZABAL | DONOSTIA
Fabian Cancellarak (CSC) eman zion atzo amaiera Suitzako Itzuliari erlojupekoa irabazi eta gero. Etxeko txirrindularia azkarrena izan zen 33 kilometroko ibilbidean. 20 segundo atera zizkion Andreas Klodeni (Astana) eta 33 Stefan Shumacherri (Gerolsteiner). Itzulia irabazi zuen Vladimir Karpets (Caisse d' Epargne), berriz, seigarren geratu zen Bernako erlojupekoan, garaileak baino minutu bat eta sei segundo gehiago eginda. Hala ere, garaipena erraz lortu zuen, atzo arte lider izandako Vladimir Efimkini (Caisse d'Epargne) eta bigarren zen Kim Kircheni (T-Mobile) abantaila galanta atera baitzien.
Etapari dagokionez, Cancellarak beste behin frogatu zuen zergatik den erlojuaren aurkako munduko txapelduna. Izan ere,Kloden alemaniarra salbu, ez zuen areriorik izan.
Devolder, hirugarren
Juanma Garate (Quick-Step) inrundarra lehen euskalduna izan zen, hamalaugarren, Cancellararen denboratik 2.15era. Etapan laugarren izandako Stijn Devolder (Discovery Channel) ere protagonista bilakatu zen, sailkapen nagusiko hirugarren postua lortu baitzuen.
Bestalde, beste erlojupeko batean, kasu honetan Eindhovengo Sari Nagusian -taldeen arteko erlojupekoa-, CSC garaile izan zen Tinkoff eta Milramen aurretik, 48 kilometroko ibilbidean azkarrena izan ondoren. Talde daniarra Tinkoffekin berdinduta geratu zen, eta ondorioz, milarenek erabaki zuten irabazlea.
Milram, hirugarren, 12 segundura geratu zen; Discovery, laugarren, 24 segundura; eta Liquigas, bosgarren, 30 segundura. Euskaltel Euskadi makal ibili zen, 21. postuan sailkatu baitzen, lasterketan 23 taldek parte hartu zutenean. Euskaldunak garaileen denboratik 2.47ra geratu ziren.
CSCk erlojuaren aurka fin ibiltzen diren txirrindulari langileak eraman zituen Eindhovenera. Horren erakusle, Boby Julichek, David Zabriskiek, Christian Venderveldek, Nicki Sörensenek, Michael Blaudzumek, Luke Robertsek eta Marcus Ljungqvistek osatu zuten taldea.
Ruta del Sur izeneko lasterketan, berriz, Oscar Sevillak (Relax) eskuratu zuen garaipena. Espainolak itzuliaren bigarren etapan lortu zuen lidertza eta atzoko 181 kilometroko azken saioan ez zuen arazorik izan lehen postua mantentzeko. Vielha eta Saint-Gaudens hiriak lotu zituen azken etapa Fréderic Finot (Roubaix) txirrindulariak irabazi zuen.