ARRAUNA
Zarauzko Enbata nagusi Mundakan Urdaibai azken txanpan gainditu ostean
A. A. | DONOSTIA
Zarauzko Enbatak larri-larri lortu zuen garaipena atzo Mundakako uretan jokatutako estropada ikusgarrian. Emozioz betetako azken txanpa ederrean, zarauztarrek 18 ehuneneko aldearekin irabazi zuten proba Urdaibairen aurretik. Hirugarren postuan Zierbena sailkatu zen.
Estropada arraro samarra izan zen Mundakakoa. Kontuan hartu behar da Hondarribiak eta Oriok arraunlari titular asko Katalunia aldean zituztela Banyolesen jokatu diren aulki mugikorreko Espainiako Txapelketan parte hartzen. Horrez gain, lehen txandatik bigarrenera eguraldia dezente aldatu zen, haizea asko harrotu zen, eta horrek ahalbidetu zuen Zierbenak, bigarren txandako ontzirik onenak, hirugarren postua eskuratzea azkenean.
Bai Zarautz, bai Urdaibai punta-puntan ibili dira trainerilla denboraldian eta uztailaren 7an Galizian hasiko den TKE Ligan aurrean ibiltzeko hautagai nagusietakoak dira. Atzokoa ikusita, argi dago bi ontziek prestaketa lanak ongi bideratuta dituztela.
Astillero nagusi Banyolesen
Astilleroko zortzikoak nagusitasun handiz irabazi zuen Gironako Banyoles herrian jokatutako aulki mugikorreko Espainiako Txapelketa. Kantabriako ontziak hiru segundo sartu zizkion bigarren amaitu zuen Hondarribiari. Oriok hirugarren postuan amaitu zuen ehuneneko gutxi batzuetara. Santurtzik ezin izan zuen dominarik lortu.