sokatira Euskal Herrikoa
Gaztedik irabazi egin dio Goiherriri eta berak jantzi du 640 kiloko txapela
J.L. | DONOSTIA
Ezustea gertatu zen herenegun arratsaldean Areson, Gaztedik irabazi baitzuen 640 kiloko Euskal Herriko txapela. Goiherri heldu zen lehen postuan azkeneko jardunaldira, eta bazirudien txapela beraientzat izango zela, baina azkenean Gaztedik irabazi zuen.
Gorriek bereganatu zuten azkeneko jardunaldia, eta Goiherrik bigarren postuan amaitu zuen. Ondorioz, berdinduta geratu ziren lehen postuan Gaztedi A eta Goiherri, eta kitarakoa jokatu behar izan zuten. Azkeneko proba horretan, benetako finalean, alegia, Gaztedik bi saioak irabazi zituen, eta beraientzat izan zen txapela. Estrainekoa dute aurten, 680koa Goiherrik eraman baitzuen.
Hirugarren postua
Lehen postu horretarako lehia estua iragartzen baldin bazen ere, hirugarrenerako ere horrelaxe iragartzen zen, berdinduta agertzen baitziren Mutriku eta Areso. Azken hauek etxean ari ziren, beren zaleen aurrean, eta bazirudien beraiek zirela faborito, baina Mutrikuk aurre hartu zien, eta haientzat izan zen hirugarren postua. Beraz, nafarrek laugarrengoarekin konformatu behar izan zuten. Azkeneko postuan, aldiz, Gaztedi B izan da. Bizkaitarrak jokatutako hiru ekinaldietan izan dira azkenak, eta hortxe amaitu dute.
Honela geratu da sailkapen nagusia: Gaztedi A lehen postuan 13,5 punturekin; bigarren Goiherri puntu kopuru berarekin. Hirugarren Mutriku izan da 8 punturekin; laugarren Areso 7rekin, eta azkena Gaztedi B 3 punturekin.