Bada bizitzarik I-11ren ostean
«En algún lugar de la memoria»
Jim Carreyk, Robin Williamsek edota Will Ferrellek komediaz gain beste erregistro batzuk antzezten badakitela erakutsi digute. Adam Sandlerrek ere paper dramatiko bikaina bete du oraingoan. Mike Binderrek eman dio aukera «Reign Over Me» filmearekin.
Mikel INSAUSTI | DONOSTIA
Orain artean, Mike Binder aktorearen, gidoilariaren eta zuzendariaren filmek ez dituzte ikusleak erabat konbentzitu; izan ere, komediaren eta dramaren artean kolokan ibiltzen baitira, bi erregistroetako baten aldera egin gabe. Edonola ere, badu jarraitzailerik, eta miretsi egiten dituzte bere errealizazioetako hainbat, batez ere «The Sex Monster», «Más allá del odio» eta «Diario de un ejecutivo agresivo». Interes komunak dituztelako egin zuen bat Adam Sandler aktorearekin. Izan ere, komikoak ez du lortu kritika kontsumo-komediatik at konbentzitzerik, eta paper dramatiko baten beharra du, oraindik ez baitu behar beste prestigio. Biek bat egin dute drama honetan.
«En algún lugar de la memoria» filmean ez dago umorearen aztar handiegirik, gustuko baldin badute ere. Mike Binderren azkeneko lanak I-11ko atentatuak ditu ardatz, eta eraso haiek sorrarazitako ondorio psikologikoei ematen die garrantzia. Protagonistak familia osoa galdu du Dorre Bikien kontrako erasoan eta geroztik ez du erreakzionatzeko gaitasunik izan. Ezertxok ere ez du bere blokeo mentaletik ateratzen. Bere jarrera iheskorra da, errealitatetik kanpo egonarazten duena. The Who, Bruce Springsteen, Jackson Browne edota The Pretenders taldeen diskoak entzunez egiten dio ihes errealitateari.
Garai bateko lagun batek bakarrik atera ahal izango du egoera horretatik. Bizi duen memoria hutsunea dela-eta, ezagutu ere ez du egingo berarekin topo egitean. Ogibide berekoa du laguna, haginlaria, eta bizi-oroipenak gogora ekartzen lagunduko dio. Itxura guztien arabera, Don Cheadle afroamerikarrak salbatzaile lanak egingo ditu. Baina laguntza elkarri emango diote, ordea, biak ala biak baitaude errutinatik ateratzeko norbaiten beharrean. Bere ezkontzak ez du hasieran bezala funtzionatzen. Eta hori gutxi bailitzan, bezero batek eraso sexualak leporatu eta salaketa ipiniko dio. Laguna psikoanalista batengana eramateko eginahalak egingo ditu (Liv Tylerrek antzeztua), nahiz eta berari ere ondo etorriko litzaiokeen.
Adam Sandler eta Don Cheadle ez ziren Mike Binder zuzendariaren lehendabiziko aukera. Tom Cruise eta Javier Bardem aktoreekin pentsatuta idatzi zuen gidoia.
O.T.: «Reign Over Me».
Zuzendaria eta gidoia:
Mike Binder.
Antzezleak:
Adam Sandler, Don Cheadle, Liv Tyler, Jada Pinkett Smith, Saffron Burrows, Donald Sutherland, Mike Binder, Melinda Dillon, Robert Klein,
Jonathan Banks.
Herrialdea: EE.UU., 2007.
Iraupena: 124 minutu.
Generoa: Drama existentziala.