Gu bezalakoxe bikotea
«Los climas»
Nuri Bilge Ceylan zinemagile turkiarrak saria jaso zuen Cannesko Zinemaldian «Uzak» (Urrutikoa) lanarengatik. Oraingoan, Nazioarteko Kritikaren saria lortu du «Los climas» filmarekin.
M.INSAUSTI | DONOSTIA
Theo Angeloupoulos greziarraren zinema-eskolakoa da Nuri Bilge Ceylan. Edonola ere, «Los climas» filmaren narrazio-egiturak Roberto Rosselliniren «Viaggio in Italia» gogorarazten digu, bizi-ibilbidea Turkia aldera eramanda.
Urtaroen joanaz baliatuz, bikote baten krisialdia kontatzen du: uda beroa, udazken euritsua eta negu hotza izango ditu hondoan filmak. Intentsitatea galduz joango den maitasun prozesua da, aldez aurretik porrot egitera kondenatuta dagoela dirudiena.
Zinemagile turkiarraren aurreko lanean ere («Uzak») argazkilari bat zen protagonista. Zuzendariak erreferentzia zuzena egiten dio bere lehenagoko lanbide artistikoari. Oraingoan, aipatutako lanbidea hartzeaz gain, bere burua ere interpretatuko du. Ondoan eustea lortuko ez duen neska-laguna interpretatzeko aktore batengana jo beharrean, bere bikotea aukeratzea erabaki zuen zuzendariak: Ebru Ceylan. Bikotea lagun izango du esperimentu honetan, bai eta bere benetako gurasoek ere, hartara familia erabat osatuz. Filmak ez du musikarik eta giroko soinuak nagusitzen dira. Horrek irudien garrantzia nabarmentzen du, filmak ez dezan melodramatizazio izpirik izan.