GARA > Idatzia > Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Mahatsondora justiziaren alde

Badira ehunka euskal herritar egunero bakartzea, zigorraren gaineko zigorra, behar bezalako zaintzarik gabeko gaixotasunak eta beste hamaika oztopo eta zailtasun jasaten dituztenak. Egunero, une oro. Bati ez zioten amari azken agurra ematera joaten utzi; beste hark ezin du unibertsitate ikasketarik egin, are gutxiago euskaraz; lehengoan Maddi alferrik joan zen ginekologoaren kontsultara, poliziek ez zutelako alboko gelan itxaron nahi izan; Josu bakarrik dago azken sei urte hauetan Andaluziako kartzela bateko modulu batean. Eta, hala ere, irribarretsu agertzen dira bisitetara. Etxekoek denboraren joanean ikasi dute «zer moduz» galdetutakoan erantzuten duten «ondo» horrek zer esan nahi duen; hala ere, lasaixeago itzuliko dira etxera. Eta orduantxe hasiko da presoaren kezka. Sei, zortzi, hamar ordu geroago, «honezkero etxean dira», egingo du bere artean, baina pentsamendu ilunek presoa artegatzen jarraituko dute teman.

Edonork edo, hobeto esateko, jende gehienak ulertzen bide du etxekoek eta lagunek maitatzea. Eta hurbiletik ezagutzen dituztenek haien zintzotasuna, adiskidetasuna, izaera aipatu eta goraipatuko dizkizute. Baina etxekoek eta lagunek ez ezik, ezagutzen ez dituzten jende askok ere baditu gogoan, beren herriarekiko, jende ahul eta xumearekiko konpromisoagatik. Eta esan beharra dago, badaezpada nahikoa argi ez badago ere, ez daudela kartzelan soldata baten truke inor torturatzeagatik, ez beren interes pertsonalen alde keinu bat egiteagatik ere. Hortaz, gutxien-gutxienik denon errespetua merezi dute. Haien borrokarekin bat etorrita zein ez. Zorionez, jende askok ulertzen du hala. Baina haien eskubideak errespetu zain daude.

Bitoriano Gandiagaren hitzek haien eta gure nahia ezin hobeto adierazten dute:«Nor litzakean mahats orpo/ mila sustraiz lurraren/ guna xurgatzeko!». Igandean Laudion izango gara. Mahatsondora joango gara, mahatsaren orpotik datorren mama goxoa dastatzera, askatasunaren mama goxoa haienganako konpromisoa berritzeko. Eta, Gandiagaren hitzak lagun, «kantu hau aipatzen badut/ justiziaren alde da».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo