JAIETAN
«Ondo pasauaz ligetako asmua eskoitzar danon lelua!»
Eskoriatzako San Pedro jaietan, esaldiak izaten dira tabernetan eta edozein txokotan, orain dela zortzi urtetik udaleko euskara zerbitzuak lehiaketa antolatzen duelako eta lan onenekin kartelak eta eranskailuak egiten dituelako. «Arazuak basterrien itxi, sanpedruak bixi-bixi bizi», zioen, adibidez, 2004ko eranskailu batek. Horretan ari dira eskoriatzarrak.
Maider IANTZI
Atzo arratsaldean jo zituzten festa-kanpaiak Eskoriatzan, eta ordutik dantzan, kantuan eta giro onean dabiltza herritarrak. Gozatzeko dituzten ekitaldien artean aipatzekoa da San Pedro bezperan neskek eta mutilek elkarrekin egiten duten danborrada alaia. Atzo gauean nagusiek makilekin instrumentua joz besta ederra egin ondoren, umeen txanda izanen da bihar arratsaldean. Txikiak izanagatik beren danborrada ez da kaskarragoa izanen.
Baina danbor hotsekin beste mila soinu nahasten dira Debagoieneko herrian. Haurrek plazan egin zuten margo lehiaketarekin batera, musika eta dantza izan ziren atzoko protagonistak. Horren erakusle, musika eskolako bandaren, buruhandien eta txistularien kalejirak, Haitzama taldearen dantzaldia eta parrokiako abesbatzaren emanaldia izan ziren. Azken abesbatza horrek Eslavaren «Salvea» abestu zuen lau ahots mistotan, San Pedro elizan.
Peruko eta Burundiko doinuak eta dantzak ere ekarri nahi izan ditu Udaleko kultura batzordeak, baina azkeneko orduan bertan behera utzi behar izan dute egitasmoa, Ameriketako eta Afrikako dantza taldeek ezin izan baitute Europara etortzeko hegazkinik hartu bisa arazoak direla-eta. Hortaz, kultura batzordeak egitaraua aldatu behar izan du, eta Burundiko Batimbo eta Peruko Cidan Mi Per taldeen ikuskizunen ordez beste ekitaldi batzuk prestatu ditu.
Adibidez, gaur 23.15ean hasita, Korrontzi talde bizkaitarrak kontzertua emanen du Gorosarri plazan, Batimboren emanaldia iragarrita zegoen orduan eta tokian. Agus Barandiaranek eta Mikel Romerok trikitilari zaharrak omentzen dituzte, folk eta musika tradizionala oinarri duten kantuak idatziz. Emanaldi ugari egin dute Euskal Herrian eta atzerrian, eta arrakasta izan dute. Zuzeneko biziak egiten dituzte, sarri irudiekin eta proiekzioekin jantzitakoak, eta nahasketa polita sortzen dute hainbat instrumenturekin. Trikitia eta mandolina gailentzen dira, baina gitarra, alboka, baxua, bateria, whistlea eta beste tresna batzuk ere erabiltzen dituzte.
New Orleanseko jazza
Gaurko beste ekintza aipagarri bat Marmara Dixieland Jazz Band taldearen kalejira izango da. 18.30ean hasita, New Orleanseko jazz tradizionala joko dute zortzi lagunek. Klarinetea, tronpeta, tronboia, saxoa, banjoa, tuba, kaxa eta bonboa lagun, ikuskizun dibertigarria eginen dute eta entzuleen belarriak goxatuko dituzte.
Txistulari taldearen kalejira, umeentzako jokoak, meza, Musika Eskolako bandaren kontzertua, pilota partidak eta Multivisin orkestraren emanaldia ere iragarrita daude San Pedro eguna gogotik ospatzeko. Txosnetan ere ez da kontzerturik faltako, egitarau dotorea osatu baitute txosna guneko lagunek eta Udalak. Gaur, Barua Bandak alaituko ditu bestazaleak 20.00etan eta, 23.30ean, Infernuko panpinak eta Des+karadas taldeek hartuko dute lekukoa. Erreparorik gabeko show komikoa eginen dute azken horiek, izenak dioen bezala, lotsagabeki. Mozorroak, antzerkia, komikia eta musika uztartuko dituzte, baita hainbat estilotako doinuak, besteak beste rumba, rocka, flamenkoa, mexikarrak, punka eta mestizoa.
Biharko kontzertu erraldoia antolatu dute txosnetan Keike, Une, Malenkonia eta Arianrod taldeekin. Metal, pop-rock eta heavy musikak hartuko du Eskoriatzako herria.
Umeak izaten dira jaiak gehien gozatzen dituztenetako batzuk: barraketan jolasean, erraldoiekin batera dantzan, buruhandien kolpeetatik ihesi, auto txikiak gidatzen... Gainera, egun bat ere izaten dute eurei eskainia.
Eskoriatzan, bihar izanen da haurren eguna, eta opari bikaina jasoko dute txikiek: Pirritx eta Porrotx pailazoen saioa, eguerdian Gorosarri plazan. Artista horiek giza baloreak erakusten dituzte, kantuz, jolas eginez eta irria erabiliz.
Bestetako azken egunean, igandean, Euskal Jaia izanen da. Egitaraua potolo-potoloa da. Aurten, gainera, kantu txapelketa eginen dute lehenbiziko aldiz, 18.00etan herriko plazan.
Eskoriatzako jaietako egunik garrantzitsuenetakoa Euskal Jaia izaten da, aurten igandean eginen dena. Esku pilota, kantu txapelketa eta preso eta errefuxiatuen aldeko kalejira prestatu dituzte, besteren artean.