GARA > Idatzia > Jo puntua

Imanol Unanue Astoreka Gizarte ekintzailea

Gezurrezko garapen jasangarria

Gero eta gaitzagoa egiten zait aparteko zerbait ikusten dudanean ulertzea, lasai bi- zitzea eta geroan pentsatzea. Aspaldiko politikak biziki mindu duelako gure lurra, edonon ikus ditzakegu etxeak, bideak, zementuaren atzaparrak, espazio gutxiegi pertsonentzat, larregi autoentzat eta tartean eremu babestuetan ere txa- letak eta etxeak eraikitzen jarraitzen dutelako.

Nahiz eta garapen jasangarria sarri aipatu, inork gutxik ez du sinesten horretan, zaila da agintarien mezuetan sinestea, gezurretan dabiltzalako. Horren adibide Greenpeacekoek azaldutako txostenean agertzen diren astakeriak, milaka etxe kostaldean, ur zikinak artatu gabeak eta isurketak, eta hau guztia gutxiegi balitz, kirol portuak. Ziurrenik Erkidego honetako ingurumen arduraduna oso pozik agertu da hori guztia progresoarekin nahastuz, agian «Euskadi ven y cuéntalo», «Navarra p'alante» eta «Cotè basque paradise» lelopetan fikziozko herri zoriontsu bat bizi dela saltzen ari direlako. Gezurrezko propagandari esker herria engainatzen.

Baina egunero pairatzen ditugunak beste zerbait azaltzen du; AHT inposatzen ari zaigu nahiz eta herritar askok aurka egon, termika eta Itoizko urtegia martxan dira herritarren borondateari muzin eginez, Pasaiako portu berria, kirol portuak eta aberatsentzako golf zelaiak ugaltzen ari dira eta Bakio zein Getxo, Iparraldeko eraikin anitz edo Sopelakoak ez datoz bat zabaltzen dituzten irudiekin.

Oraindino kanpotik hartu behar ditugu mezuak gertatzen ari denaz konturatzeko? Bada, oso erraza da ulertzea gure lurra txarto kudeatzen ari direla, argiago esanda, ez zaiela batere axola gure herriaren etorkizuna.

Adibidez Nuria Lopez de Gereñu ez dago prest herri kontsulta bat bultzatzeko AHT aferari irtenbide bat emateko, baina bai bere ideiak inposatzeko, aitzakia, Europako garraio eredura hurbilduko garela Y proiektuarekin, berriro progresua zementuaren kulturari eta Europari lotzen zaio. Zalantza ugari sortzen zait ez ote den berriro izango bere alderdiak bultzatzen duen beste gehiegikeria bat; gogoan ditut Lemoizko nuklearraren proiektua eta esandako astakeriak, bultzatutako mina eta azkenean herritarren arteko zatiketa.

Horretan oso azkarrak dira, erraz konpondu ditzakegunak gatazka bihurtu arte mantentzen direlako nahita, konponbidea guztiok badakigulako herriaren parte hartzean dagoela eta eman behar den errespetua emaitzei, baina hori oso urrun geratzen da hemengo politikarien helburuetatik, kultura hori ez zaielako komeni bultzatzea.

Greenpeaceko txostenean irakurritakoa hor geratuko da berriro, sasi-demokraten jokotik kanpo, Greenpeacekoek salatutakoa herritar asko saiatzen dira salatzen egunero, haientzako jipoiak, kartzela zigorrak eta errepresioa, ondo asmatutako zapalketa sistemaren indar osoa eta propaganda, Itoizko solidarioei gertatutakoa garai bateko nuklearren aurkariei gertatu zitzaien, historiak gogoratzen dizkigu holakoak han eta hemen, eta berriro nortzuk diren herri borondatea errespetatzen ez dutenak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo