GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Joseba Alvarez Mahaikidea

Merkatua + Segurtasuna

Europar Batasunaren eredu neoliberala 1987an Europar akta bakarraren bidez sendotu bazen ere, Sobietar Batasunaren suntsiduraren ondorengo Maastrichteko Itunaren bidez Europak norabide neoliberal fermu bat aukeratu zuen

Bruselan bildutako Europako Kontseiluak eman zigun irudiak 2006. urtean Europako Batzordeak abiatu zuen Plan D kanpainatik urruti gelditu da. Orduan Europar Batasuneko agintariek, frantziar eta herbeheretarren ezetzaren aurrean kezkaturik, komunikazio eta elkarrizketa plangintza diseinatu zuten ezagutza, hurbiltasuna eta gardentasuna zereginaren ardatz hartuta, haatik, horiek izan dira asteburu honetako ausente nabarmenak.

Europa, estatuen klub pribatua, bere hiritarrengandik aldentzen da. Kezkagarria dena, ordea, zera da: klub pribatu horretan opakotasunaz onarturiko erabakiek eguneroko bizitza baldintzatzen dutela. Lan baldintzak, osasun sistema, lan erreformak, fiskalitatea, askatasun murrizketak, deslokalizazioak, egitura proiektu erraldoiak, hezkuntza sistemaren erreforma, askatasun murrizketa eta kontrola, zerrenda beltzak, erosteko ahalmena, euriborra.... guztiak Bruselan diseinatzen dituzte.

Europan zehar milaka hiritarrek Itun Konstituzionalaren gainean mantenduriko kontrako jarrerak itun horren porrota ekarri du. Halere, porrota horrek agerian utzi du balizko Europa sozialaren desagerpenaren iragarpena eta merkatu ekonomiari lehentasuna. Hala, beraz, merkatu ekonomiaren helburu eta beharren definizioan oinarritu da goi gailurra, hots 2000. urtean «Financial Times»-ek hain egoki definitu zuen Europe Inc. edo kapital sozietate Europako konpainiak behar zituenak eta ez alta, europar langileak behar duena. Eta horrekin batera mezu zorrotz bat igorri digu: estatuen europar eraikuntza soilik merkatuak eta nazioarteko kapital akumulazioaren eskutik gauzatuko da.

Europar Batasunaren eredu neoliberala 1987an Europako akta bakarraren bidez sendotu bazen ere, Sobietar Batasunaren suntsiduraren ondorengo Maastrichteko Itunaren bidez Europak norabide neoliberal fermu bat aukeratu zuen. Alde horretatik, 2000. urtean Lisboako agendak urrats sendoago bat izan da, agenda horrek eta ondorengo egokitzapenek europar multinazional eta koorporazio lobby deritzonari erantzuteko sistema publikoaren berrantolaketa helburu izan baitu; hots, lobby ekonomikoak presionatu zuen errenta handiak eta etekinen fiskalitate, ondasun publikoaren disponibilitatea diru-laguntza sozialak eta ingurugiroari buruzko irizpide zein neurriak murriztu zitzan. Hala, europar eredu ezberdin baten oinarrizko irizpideak, edo egun hauetan hainbeste mintzatzen den lerro gorriak ez izatean, EBko zabalkundea dumping sozial, fiskal eta salariala eskuratzeko tresna gisa erabiltzen da.

Laburbilduz esan dezakegu Maastrichtetik gaurdaino lau lerro nagusi diseinatu dituela estatuen arteko Europa honek: lehena, lan prekarietatea eta desen- plegua; batik bat, emakume eta gazteengan eragina dutena eta jendartearen dualizazioa sortu dutena. Horrek mendebaldeko bihotzean pobrezia areagotu du. Bigarrena, ongizatearen printzipioak uztea eta indibidualizazioa lehenestea. Hirugarrena, instituzioak degradatzea, politika eta baloreen ustelkeria, justizi eta legeen erabilpen alderdikoia, herrien menpekotasuna, hizkuntza eta kulturen ukazioa, arrazismoa eta xenobofia, ingurugiroaren degradazioa. Eta, laugarrena, gerla, ekonomi krisialdiari aurre egiteko alternatiba gisa

Politika horiek, seguritate ikuspegitik zehazturiko neurriekin lagundurik joan dira eta maila honetan Tampere eta La Hagako programak lagunbide ezin hobeak gertatu dira: euroagindua, migrazio politika, datu genetikoen basea, pertsonen kontrolerako datu zentralizazioa, justizi baimenik gabeko polizien arteko lankidetza...

Lehen-lehenik, opakotasuna presa eta herritarren hitza isiltzeko asmoa dakusagu Erreforma ituna deitzen den horretan. Estatuak bat datoz herri kontsultarik ez dela izango eta testua 2009ko Europako hauteskundeek aitzin sinaturik izan beharko dutela, presa honek debateari uko egiteari eta, beraz, 2004ko itunarekin gertaturikoa ekiditeari erantzuten diotelarik. Erreforma ituna bi testu emendatzen ditu, beraz, bi testu zehatzek osatuko dute Europar Batasunari buruzko Ituna, eta Batasunaren funtzionamenduari buruzkoa, lehen Europar komunitaterako Ituna deitzen zena. Beste alde batetik 2004. urteko edukiaren parterik nagusia jasotzen du testuak. Eredu neoliberalari bide ematen dio, Sarkozyren ekarpena barne. Eta merkatua jaun eta jabe atera da.

Erreforma Itunak estatu-nazioaren balioa indartu du eta izaera komunitario guztiak baztertu ditu (Mr.PESC, himnoa, bandera...). Zer esango dute orain honen desagerpenaz mintzatzen zirenak? Estatuen Europak merkaturako motor bat izan nahi du eta bide horretan Europa soziala traba eta oztopoa da, oinarrizko eskubideen karta ere -zeinak lan egiteko eskubidearen truke lanaren eskubidea aldarrikatzen zuen- ez da testuaren barruan sartu. Alta, motor horri laguntzeko xedeaz lankidetza poliziali eta judizialari ate guztiak ireki dizkiete. Hauxe da Bruselan marraztu duten Europa. Uztailaren gailurrean nola zorrozten duten proiektu ukatzaile hau ikusiko dugu, baina bien bitartean Batasunak kritika zorrotza egiten dio Europa horri, gure etorkizunari gure gain hartu nahi dugulako, herri, langile eta internazionalista gisa. Bestetik, askatasuna eta justizian oinarritzen den Europa ezkerretik eraiki nahi dugulako Herri guztiei Bai esanez, langileriaren lorpenak eta eskubideak gauzatuz, eta herrien arteko bestelako harreman solidario eta positiboak eginez, dei bat egin nahi diegu indar aurrerakoi indar bil ditzagun eta plangintza sortzaile bat abian jar dezagun.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo