Kosovo, tentsioaren eta frustrazioaren artean
Kosovo Poljeko bataila sinbolo garrantzitsua da serbiar nazionalismoarentzat. Atzo hura oroitzera ehunka serbiar, hala Kosovotik nola Serbiatik joandakoak, ospatzera bildu ziren. Erakustaldi horrek eragindako tentsioari, gainera, albaniar gehiengoaren frustrazioa gehitu zitzaion, bere lurraldearen estatusaren zehaztea atzeratuz doala ikusita. Kosovo 1999tik NBEren administraziopean dago, eta alde batetik Europar Batasunak eta AEBek haren independentzia sostengatzen dute eta, bestetik, Errusiak Serbiaren parte izaten jarrai dezan nahi du; izan ere, Serbiaren aliatu tradizionala izateaz gain, baditu Kosovoren independentziaren aurka agertzeko motiboak, bere baitan egoera juridiko bertsuan dauden zenbait lurraldeatako bilzilagunak independentziazaleak izaki. Kosovo ez da errepublika eta legez ez legokioke autodeterminazio eskubidea. Horrek, ordea, errealitate sendo batekin egiten du talka: biztanleen %90 independentziaren aldekoak dira. Harrigarria da zenbait kasutan arrazoi juridikoak agertzen dituzten berberek beste kasu batzuetan zein erraz saihesten dituzten. Eta esanguratsua da Kosovoren etorkizuna lurralde hartako herritarrek erabaki beharrean, inguruko eta urruneko hainbat herrialdek, euren interesen arabera, erabakitzea. Kosovo, azken batean, botere liskarraren erdian truke txanpona izatea.