GARA > Idatzia > Euskal Herria

Udalbiltza: «Alardeek berdintasunetik oso urrun gaudela erakusten dute»

Berriz ere bi alarde oso ezberdin ikusiko dituzte bihar Irun eta Hondarribian: gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren aldekoa bata eta baztertzen duena bestea. Halere, Irungo alkateak, «iaz bezala», jaiak «elkarbizitzaz» eta «adeitasunez» bizitzera deitu die herritarrei.

Biharkoa egun garrantzitsua eta handia da irundar eta hondarribiar askorentzat, baina ez denentzat. Beste behin ere, konpainiek, kantinerek eta fusil hotsek beteko dituzte bi herri horietako kaleak, eta bertako gizon eta emakumeek egun handi horretarako antolatutako ekintzetan parte hartu ahal izango dute. Berdintasunik ez da izango, ordea; aurten ere, gizon eta emakumeak elkarrekin hartzen dituen alardeaz gain, baztertzen duen alardea ere bi herri horietako kaleetan egongo delako.

Hori da, hain zuzen ere, Udalbiltzak alardeak direla-eta kaleratu duen oharrean nabarmentzen duena: «Irungo festak ez dira herritar guztien festak, alarde tradizionalak emakumeen parte-hartzea debekatzen duelako», salatu zuen. «Alardea ez al da diskriminatzailea, bi ekimen behar badira emakumeen presentzia ziurtatzeko, eta horietako batek (tradizionalak) biztanleriaren parte bat (emakumeak) baztertzen badu?», galdetu zuen udal hautetsiak biltzen dituen erakundeak.

Moldatu eta bitartekoak jarri

Gizon eta emakumeen artean nolabaiteko berdintasuna bermatzeko helburua omen duten legeak ere aipatu zituen Udalbiltzak, eta horien helburu bakarra «emakumeei gune batzuk bideratzea» dela adierazi zuen, «itxurak egiteko, instituzioek beren buruak zuritzeko», azaldu zuen.

Aitzitik, berdintasuna «diskriminatzen duten ekimen guztiak bukaraztea» dela baieztatu zuen, beraz, Irungo eta Hondarribiko alardeak «arazoa errotik moztetik oso urrun dagoenaren adierazgarri» direla esan zuen.

Arazoari irtenbide bat bilatze aldera eman beharreko pausoez ere aritu zen udal hautetsien batzarra, eta berdintasuna «idatzi» egin behar dela onartzeaz gain, «egokitu» ere egin behar dela nabarmendu zuen: «Ez badira benetako bitartekoak jartzen emakumeon aurkako diskriminazioa bukarazteko, bihar gertatuko dena gertatuko da: berdintasun eskubidea urratuko dela, hain zuzen», baieztatu zuen.

Hori guztia dela-eta, Udalbiltzak berdintasunaren aldeko alarde bakarraren alde eginiko konpromisoa berretsi eta horren aldeko mobilizazioetan parte hartuko duela jakinarazi du eta gizarteari ere horietara biltzeko deia egin zion.

Bestalde, Irungo alkate Jose Antonio Santanok (PSE) aurtengo jaietan, «aurreko urtean bezala», «elkarbizitza» eta «errespetua» beste edozeren gainetik izan daitezela eskatu zien herritarrei. «Bakoitzak bere erara goza ditzala jaiak, baina adeitasuna eta jai giroa nagusi direlarik», esan zuen.

Kanboko Xalbador kolegioko langile eta irakasleak elkartu ziren atzo ikastetxearen aitzinean ondoko ikasturterako 5.mailako klasearen desagerpena salatzeko. Euskararen Erakunde Publikoak murgiltze sistemak behar bereziak zituela esaten duen unean, ekintzekin «kontradikzio» handia zegoela salatu zuten.

zertarako legea?

«Zertarako berdintasun eskubidea, zertarako Berdintasun Legea, ezin badugu berdintasunean bizi, ezin badugu jaietan parte hartu nahi dugun moduan, eskopetaz bada ere?», galdetu zuen Udalbiltzak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo