GARA > Idatzia > Euskal Herria

Pailazoak, pilota, musika eta preso eta errepresaliatuen aldeko ekimena Diman

Atzo hasi eta datorren igandea arte egingo dituzte Dimako jaiak. Lau egunez dimoztar eta inguruetatik etorritako hainbat jende arituko da Bizkaiko herri horretako kalean jai giroan disfrutatzen. Musikarekin eta kirolarekin batera, atzo Pirritx eta Porrotx izan ziren. Gainera, preso eta errepresaliatuak gogoan izango dituzte eta bertso saio elegantea antolatu dute.

DIMA

Hasiak dira jaiak jada Diman beste urtebetez. Hainbat ekitaldi erakargarri antolatu dituzte festa giroan pasatzeko asmotan eta igandea arte gozatuko dira dimoztarrak bai eta inguruetatik etorritako guztiak ere.

Atzo, San Pedro egunaren bezperan, txupinazoa jaurti zuten Udaletxeko balkoitik aurtengo jaiei hasiera emateko eta ondoren, aspaldiko partez, Dimako haur eta nagusien gozamenerako pailazo famatuenak bertan izan ziren aurten ere. Pirritxek eta Porrotxek Plaza gainezka jarri zuten eta ia konturatu barik, jai giro aparta ageri zen Plazan eta inguru osoan.

Herri afariaren azkeneko kopak eta txisteak bukatu gabe zegoelarik, Arratiako musika taldeek irrikan zeuden agertoki gainean saioari hasiera emateko; Materia Grisek eta Ankerrek gauaren lehenengoko mementoak alaitu zituzten. Horren ondoren, Lotxo musika taldeak erromeriari ekin zion. Horiek hala, batzuen gogoek, eta batez ere, parranda egiteko beharrak erantzuna lortu zuten Diman.

Eta lehenbiziko eguna bereziki txiki eta gazteei zuzendua bazen ere, gaurkoan egun handia izango dute nagusiek. Eguerdian meza entzun eta gero, omenaldia egingo diete 85 urteko biztanleei. Ordu bat beranduago, 14.00etan hain zuzen ere, jubilatuen bazkaria egingo dute.

Arratsaldez, 16.00etan hasita, herriko trikitilarien ordua izango da eta ondoren, 19.00etan hain zuzen, Bizkaiko Banakako Aizkolarien Txapelketa jokatuko dute. San Pedro eguna boro- biltzeko, Karidadeko Bentaren saioa hasiko da gaueko 22.30ean. Ondoren, musika gehiago, Amaiur taldeko dantzaldia, Herriko Plazan.

Otxote Muñatones

Kontuan izanik gazteen egoera, lehenengo bi egun horiek disfrutatu ondoren, puzgarriak eta jolasak antolatu dituzte larunbat goizerako. Eguraldiaren aurreikuspena dela-eta, ez da arazo handirik izango egun horretan kalean disfrutatzeko. 10.00ak eta 13.00a bitartean izango dira umeei zuzendutako eskaintza horiek.

Geroago, herriko egoitzatik eta Plazatik, Otxote Muñatonesen ibilibidea antolatu dute. Larunbat arratsaldean pilota nagusi izango da Diman. Dimako Txapelketaren finalak jokatuko dituzte, hain zuzen. Geroago, afizionatuen partida izango da; Atutxa X.a eta Etxebarria, Atutxa I.aren eta Eguzkizaren kontra. Kirolari jarraiki, frontoi ostean eskalada txapelketa jokatuko dute geroago, 19.00etan hain zuzen.

Kirolaren ostean, musika izango da nagusi. Perkusio eta Afrikako dantza antolatu dute Kansala taldearekin eta 23.00etan, Kerobia, Betagarri eta Trikizio taldeek kontzertua eskainiko dute.

Urtero moduan, kontzertua etengo dute gauerdi aldera euskal preso eta errepresaliatuen aldeko ekimena egiteko.

Eta jaietako laugarren eguna helduko da igandean. Izan ere, egun horretarako egitarau potoloa prestatu dute, aurtengo sanpedroak patxadaz bukatzeko. Gazte Barri herriko dantza taldea arituko da Plazan 13.00ean eta poteoa ere ez da makala izango; jaiekin disfrutatzeko urte bat falta da oraindik eta... Arratsaldez, Jalisco hirukotearekin mariatxien kantak entzungo dituzte 18.00etan eta ordu bat beranduago, txokolate jatea izango da.

19.30ean goi mailako bertso saio disfrutatzeko aukera izango dute; Maialen Lujanbio, Sustrai Colina, Amets Arzallus eta Etxahun Lekue izango dira agertokian. ``El pisito'' antzezlana eskainiko dute jaiei amaiera emateko.

euskal presoak

Urtero moduan, musika kontzertua eten egingo dute larunbateko gauerdi aldera, euskal preso eta errepresaliatuen aldeko ekimena egin ahal izateko. Colina, Lujanbio, Arzalluz eta Lekue arituko dira igandean bertsotan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo