GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Sega Gipuzkoako Txapelketa

Lau kirolari arituko dira txapel preziatua lortzeko lehian

Gabirondo, Goikoetxea, Ormaetxea eta Alkorta dira etzi eguerdian Larraitzen jokatuko duten finalean aritzeko txartela lortu dutenak

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Gipuzkoako segalarien finala jokatuko dute etzi Larraitzen, 12.00etatik aurrera. Bertarako txartela lortu duten lau segalari, honako hauek dira: Ormaetxea, Goikoetxea, Gabirondo eta Alkorta. Kirolari bakiotzak ordubete aritu beharko du lanean, eta hori amaitutakoan belar kilorik gehien mozten duen segaalariak eramango du txapela.

Joxe Gabirondo: Gaztelukoa da egungo txapelduna, eta saiatuko da etzi ere iazkoari eusten. sasoiko dagoela erakutsi du, bai betiko eran, baita nazioarteko eran ere, Europako Txapelketan parte hartzeko txartela ere lortu baitu. Eskarmentu handiko kirolaria da, eta final askotan izandakoa ere bai. Oso gertutik jarraitu beharko da bere lana.

Andoni Goikoetxea: Gaztelukoa behetik gora etortzen den horietakoa da. Iaz Gipuzkoan hirugarren geratu baldin bazen ere, gero berak irabazi zuen Euskal Herriko txapela. Segalari indartsua da, eta ordubeteko lana ongi etorriko zaio, hori izango baita finaleko lana. Orain arte ordu erdian aritu dira, baina etzi denbora bikoiztu egingo zaie, eta nabarituko da.

Mikel Alkorta: Asteasuko segalaria ere ongi agertu da. Gipuzkoako Txapelketako kanporaketetan ongi aritu da, baita Euskal Herriko kanporaketan ere. Lan ona egingo du, eta agian bera izan dezake presiorik gutxien duena, ez baita faboritoen artean agertzen, baina ezusteren bat emateko prest joango da.

Jexuxmari Ormaetxea: Orendaingoa da askoren ustez etziko finala irabazteko faboritoa. Iaz ezin izan zuen parte hartu min hartuta zegoelako, eta aurten indartsu agertu da. Apirilean aizkora apustua jokatu eta irebazi egin zuen, eta ordurako egindako lan fisikoak segarako ere balio dio. Orain arte lan luzean onena izan da, baina beti ordu erdiko lanak izan dira. Hala ere, zaleen ustez bera da faboritoa.

Gipuzkoako finala, Euskal Herrikoaren aurrekaria izan ohi da, normalean herrialde hortako finalean diren gehienak izaten baitira Euskal Herrikoan. Txapelketa horretako finalerdietan diren sei segalarietatik bost dira gipuzkoarrak, eta horietako lau izango dira Larraitzen.

Belarra ona da, eta azkenaldian egiten duen eguraldia ikusita, pentsatzekoa da kiloak ere asko izango direla, eta teknikaz gain, indarra ere garrantzitsua izango da. Zaleek ere badute hori ikusteko gogoa, eta seguruenik ere sarrera bikaina izango da Gipuzkoako finala zuzenean ikusteko asmoarekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo