GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Harri-jasotzea

Ostolatzaren eta Irigoienen arteko demak ikusmina sortu du

J.L. | DONOSTIA

Gipuzkoako harri-jasotze Txapelketa jokatuko dute etzi 18.00etan Leaburuko Plazan. Bertarako zazpi kirolarik eman dute izena.

Honako hauek dira lehian arituko diren kirolariak: Eizmendi, Irigoien, Izeta III.a, Izeta IV.a, Lertxundi, Ostolatza eta Telleria III.a. Kirolari bakoitzak 100 kiloko bola, 112,5 kiloko kubikoa eta 125eko zilindroa erabili beharko ditu, eta bakoitzarekin lanean aritzeko hiru minutu izango ditu.

Ikusmin handia piztu du final horrek, batez ere, Ostolatzak eta Irigoienek izan dezaketen lehiak sortu du gehien. Bai zestoarra, baita errezildarra ere bikain dabiltza, eta biak joango dira txapela janzteko asmoarekin. Azkenaldian Irigoienek aurre hartu dio Josebari, eta ikusiko da Leaburun zer gertatzen den. Biak dira txapela janzteko faboritoak, eta ezeren okerrik ez bada, bietakoren baten buruan amaitu beharko luke txapelak.

Bi kirolari horiez gain, badira beste bost ere, eta haiek ere lan ona egitera joango dira. Izeta III.arentzat harri onak dira hauek, eta aiarra saiatuko da lan bikaina egin eta aurrekoak estutzen. Hala ere, kontuan hartu beharko dira besteak ere. Izeta IV.ak garbi utzi zuen bere maila Urrezko Lehiaketan, eta Eizmendik eta Telleria II.ak ere gorakada handia eman dute. Lertxundi ere ahaleginduko da beste guztien parean egoten.

Herri kirol munduan, batez ere, tradizioa duten kirol hauetan, kirolarien adina handia izaten dela esan ohi da, etzi Leaburun izango diren kirolariak, aldiz, oso gazteak dira.

Gainerakoak

Etzi arratsaldean Leaburura joaten direnek, ordea, ez dituzte harri-jasotzaileak bakarrik ikusiko, Gipuzkoako beste bi txapel ere banatuko baitira.

Orga jokoan, Agirregabiria, Goikoetxea, Ituarte eta Urreisti neurtuko dira nor baino nor. Kirolari bakoitzak 350 kiloko gurdia erabili beharko du, eta denbora librean ahalik eta itzulirik gehien egitea izango da helburua.

Ingude-altxatzearena izango da beste txapelketa. Han, berriz, hiru paraide arituko dira nor baino nor. Etxeberria, Goikoetxea eta Mugartegi izango dira herrialdeko txapela eskuratu nahian arituko diren hiru kirolariak. 18 kiloko ingudea izango dute. Minutu eta erdian ahalik eta jasoaldirik gehien ematea izango da helburua.

Nafarroakoa

Nafarroan, berriz, Bigarren Mailako aizkolarien kanporaketa jokatuko dute gaur Eulaten 19.00etan hasita. Aizkolari bakoitak bi kana-erdiko eta 60 ontzako bat moztu behar dute. Honako hauek lehiatuko dira: Amillano, J.Telletxea, Belarra, Ariztegi, J.L. Telletxea, J.Gorriti, I.Gorriti, Olano, Etxeberria, Pikabera, Erdozia, Iriarte, P.Mindegia eta Jaunarena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo