GARA > Idatzia > Txokotik

Mikel Aramendi Kazetaria

Garibaldirik gabeko Europa

Etzi ospatu behar lukeen haren jaiotzaren bigarren mendeurrenari etekin mentala ateratzeko bederen, merezi luke esplikazioren bat, baldin eta argitzeko modurik balego. Giuseppe Garibaldi (1802-1882) da Italiako izendegi urbanoan gehien agertzen den pertsonaia: 5.500 herri baino gehiagotan omen du nola edo halako agerkariren bat. Ez da marka hutsala, Italiako historia eta kulturaren izendegia kontuan hartzen bada. Zergatia ere agerikoa da: beste inori baino gehiago zor dio Alkandora Gorridunen buruzagiari Italiak bere egungo estatu-izatea. Eta, bide batez, italiar korronte politiko-sozial gehientsuenek «bere» egiten dute iraultzaile haren izena eta ondarea, oso gogotik ez bada ere kasu batzuetan.

Italiatik kanpora, ordea, entziklopedia eta liburu astunetan baino ez da aurkitzen Garibaldi, baldin eta ez bada italiar migratzaileen eskutik txertatu (Ameriketan eta Australian), edota haren bizitza harrigarriarekin zuzenki lotutako leku-izenetan (Brasilgo Rio Grande do Suleko hiriarekin eta Uruguaiko hainbat kale-izenekin gertatzen den bezala). Estatu frantsesean, demagun, dozena bat kalek daramate bere izena, nahiz eta egun frantsesa (ez luke halakorik esango seguruenik Garibaldik berak) den Nizan jaio eta hazi zen, eta Asanblada Nazionalean diputatua ere izan zen... Prusiaren aurkako gerrako heroi bakanetakoa izateaz gain. Estatu espainolean, probintzia hiriburu batean, Malagan, bakarrik du kalea. Alemanian edota Austrian gorazarre gutxi egitea uler genezake...

Oro har, beraz, argi dago erreparoa edo ikara ematen duen figura dela Garibaldi egungo Europan. Zergatik ote? Aita Sainduari bere aginpide lurtar ia denak kendu zizkiolako manu militari, Vatikanoko bitxikeria ulergaitz hori salbu? Gustatuko litzaidake norbait hori serioski arrazoitzen hasiko balitz gaur egun... Europaren bereizgarri harrogarriena erlijioa norbanakoon gorabehera ez-politikoa izatea lortu izana dela parra-parra esaten zaiguneko garai hauetan. Hala balitz, Europa Hegomendebaldeko plaza bakoitzean egon beharko luke Garibaldiren bizarrak.

Besterik da nire susmoa: italiar batasuna burutzeko Garibaldik erabili zuen metodoari (herria ideologikoki nahiz militarki altxarazi eta erresuma zaharrak suntsitzea, funtsean) diote beldur egungo gure eliteek... Europaren Batasun desiratu baino geldoarekiko paralelismo gordinegiak sumatzen dituztelako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo