GARA > Idatzia > Jo puntua

Ixabel Etxeberria Irakaslea

Proiektu erakargarriak eta konfiantza sortu

Azken hauteskundeetan Miarritzen abertzaleen emaitzak ez dira ehuneko laura iristen. Badirudi arlo batzuk ez direla sakondu. Sustraitze eskasa agerian dugu, edo abertzaleek egindako lanak auzapezak ditu kapitalizatzen

Uda hor dugula eta, bestan, dantzan, bidaietan ibiltzeko sasoia heldu da eta gehienak horretan ariko gara. Sarkozyren lehen ehun egunak ez dira amaitu eta gu oporretan izanen garelarik kanpaina denboran agindutako lege proposamenak ederki bozkatuko dituzte. Horretarako hautatu omen zuten eta.

Gurean ez dute denborarik galdu iragandako hauteskundeen ondotik. Lasserre jauna departamenduari buruzko erreferendumaz debatearen idekitzeko prest agertu omen da. Ordura arte bazirudien ez zela batere haren hamaiketakoa, baina abertzaleen emaitzak ikusi eta badirudi egoera aldatu zaiola. Abertzaleen proeiktuak gero eta sinesgaritasun gehiago harturik, hemengo eskuinak erreakzionatzeko gaitasuna baduela dirudi. Ikusi dugu ere Ipar Euskal Herriko Hautetsien Kontseiluko ordezkaritza Ibarretxeren bulegoetan errezibitua. Noski, kostaldeko herri nagusietako auzapezak ez zeuden, baina horiek Parisekiko lehialtasunari ez diotela uko egiten ahal eta barnealdekoak igortzen dituzte. Ibarretxerekin egin biltzarrean, Darraiduk baieztatu du Sarkozy ez zela euskal departamenduaren aurka agertu 2004an Iparraldera etorri zelarik, nolabait esperantza gordetu nahian. Ez zaigu iduritzen Barne ministroa iritzi berekoa denik, baina eleketa horiek eta debate nahikeria berri horiek benetako helburuei luzapenen emateko balioko dute eta, bide beretik, abertzaleen isilarazteko...

Alta, hauteskundeek beste irakurketa batzuk ere eskaintzen dizkigute. Izan ere, emaitzak onak baldin badira, seigarrenean, herri batzuetan ehuneko hogoia pasatzen baita, Miarritzeko kasuan lan egiteko manera zalantzan ematen digu. Miarritzen aspalditik hautetsi abertzaleak daude auzapezaren zerrendan, honek horrelako proposamena egin baitzien. Hautu horrek ondorio zuzenak izan zituen eta azpiegituretan Mairritzek gozatzen du euskaltasun munduan tresna egoki askoz, izan dadin ikastola, haurzaindegia... ordu arte amesten ahal ez zituena. Egia da, euskaltasunak lasaitze bat lortu duela eta nolabaiteko ezagutza eta noblezia berreskuratzea. Baina, azken hauteskundeetan abertzaleen emaitzak ez dira ehuneko laura iristen. Badirudi lanerako arlo batzuk ez direla sakondu eta abertzaleen presentziak ez duela behar zuen emaitza lortu. Sustraitze eskasa agerian dugu, edo abertzaleek egindako lanak auzapezak berak dituela kapitalizatzen. Horrek izan behar du ondoko hilabeteetako helburua heldu diren hautekundeak aitzin, emaitzak igo behar baititugu hirietan ere.

Maddi, hogei urte, harek utzitako oroitzapenak hor dirau, ekintza armatuetara eraman zituen egoerak ere, azken egunetan hainbat herritan ipinitako lehergailuek hori esaten digute. Azaleko aipamena lortu dute prentsaren aldetik, turistak heldu aitzin ez baita ikararik sortu nahi. Ipar Euskal Herriak duen egoera ez dela hobetu zioten Maddiri eskainitako omenaldian. Agian beste bide batzuen jorratzeko gaitasuna dugu ere, lan eremu asko daude, denak garrantzi handikoak gure inguruetan konfiantzaren eta proiektu erakargarrien sortzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo