Ziarretak Zapaterori eskatu dio «elkarrizketan oinarritutako epe luzerako apustua» egiteko
GARA | GASTEIZ
EAko idazkari nagusi Unai Ziarretak, Jose Luis Rodriguez Zapatero presidente espainolari eskatu dio «epe luzerako ikuspegiarekin, elkarrizketa berreskuratzean oinarritutako apustua» egin dezala, Euskal Herriak bizi duen gatazkari konponbidea emateko.
SER irrati kateari eskainitako elkarrizketa batetan, Ziarretak onartu zuen egoera politiko «zaila» dagoela une honetan, eta hauxe gaineratu zuen: «gertatu denari buruz hausnarketa egiteko unean gaude, jakiteko zerk eragin duen elkarrizketen, eta bake eta normalizazio prozesuen haustura».
Hortik aurrera, bere aburuz, «ardurak non dauden begiratu baino, etorkizunari begiratu behar da», izan ere, «euskal gizarteak oso argi baitauka herri honek bizi duen gatazkarentzat irtenbide bakarra elkarrizketa eta negoziazioa dela, eta batez ere, beste aldeekin hitz egiteko bideak zabaltzea eta beren lekuan jartzea».
Alde horretatik, iragarri zuen Zapaterok bere alderdiaren «babes osoa» izango duela, «errepikatu dezan oraingoan edozein arrazoirengatik arrakasta izan ez duena, baina bide bakarra etorkizunari begiratzea».
Alderdiak, «atzera bilduta»
EAko buruzagiaren iritzirako, alderdi politikoak, gaur egun, «beren analisietan atzera bilduta daude, eta haien arteko harremanak pixka bat hoztu dira», nahiz eta harremanok «berriz ere hartu beharko» direla gaineratu zuen.
Bihar Kongresu espainolean izango den eztabaidari buruz, Ziarretak baloratu zuen PP saiatuko dela «liskarra eta tirabirak» sortzen, eta hori dela-eta, berretsi zuen Zapaterok elkarriketaren aldeko apostua egin beharko lukeela PPren hitzei kasu egin gabe.