Rubalcabak barkamena eskatu die larunbatean Eivissako aireportuan kaltetutako bidaiariei
GARA | MADRIL
Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministro espainolak barkamena eskatu zien atzo, iragan larunbatean Eivissako aireportua itxi ostean kaltetuta suertatu ziren milaka lagunei. Egun horretan, pertsona batek, lehergailu batek eztanda egingo zuela adierazi zuen eguerdi partean, eta horren ondorioz 4.000 bat lagunek aireportua utzi behar izan zuten Polizia espainolak aginduta.
Hainbat ordutan egon zen aireportua itxita, baita aire trafikoa ere, baina azkenean ez zen lehergailurik lehertu. Edonola ere, kaosa erabatekoa izan zen Eivissako aireportuan, eta haren ingurunean, eta milaka lagunek kanpoan itxaron behar izan zuten denbora luzez. Gainera, poliziakide espainolek hainbat zorro eta kutxa miatu eta deuseztu zituzten.
«Nahikoa da aukera bat egotea deia sinesgarria izateko, nahiz eta oso aukera txikia izan, Barne Ministerioak jardun behar izateko», aipatu zuen agintari espainolak auzi horren gainean.
Rubalcabak adierazi zuen ere ETA «ekintzak egiten saiatuko» dela, eta indar polizial espainolak saiatuko direla «ekintzarik egin ez dezan». Izan ere, bere iritzian, «behin ETAk su-etena hautsita, imaginatzekoa da ekintzak egin ditzakeela».
«Ezin da ahaztu»
Indar polizial espainoletako arduradun nagusiak nabarmendu zuen ezin dela «ahaztu» erakunde armatuak bertan behera utzi duela iragan urteko martxotik indarrean zegoen su-etena, beraz, «atentaturik egon litekeela». Horiek hala, Rubalkabak aipatu zuen indar polizialak «erne» daudela halakorik ez gertatzeko.
«Badakigu beren helburua dela ekintzekin ahalik eta min handiena egitea, eta gu saiatuko gara hori gertatu ez dadin» gaineratu zuen hedabideen aurrean egindako agerraldian.