amerika kopa Aurreneko fasea
Venezuelak historia egin nahi du eta final laurdenetarako sailkatu lehen aldiz
M.A. | BILBO
Venezuelak etxean jokatzearen abantaila baliatu nahi du eta historia egin Amerika Kopan. Futbola gutxiengo baten kirola da Hego Amerikako herrialde horretan, baina Hugo Chavezen gobernuak sekulako apustua egin du oihartzuna handitzeko eta mementoz taldea erantzuten ari da.
Venezuelak A multzoko lidergoa eskuratu du eta historia egiteko pauso txiki batera geratu da Peruri (2-0) gailenduta larunbat goizaldean. Richard Paezen mutilek 40 urte ondoren herrikideei gozarazi egin zieten Amerika Kopan eta garaipen bat lortu zuten. Berdinketa nahikoa izango dute multzoko azken jardunaldian final laurdenetara sailkatzeko, baina tentuz ibili beharko dute talde guztiek aukera matematikoak izaten jarraitzen baitute.
Venezuelak haizea alde izan zuen partida hasieratik 14. minutuan kaleratu baitzuen epaileak Pablo Garcia peruarra Maldonado aurrelariari ukondoarekin jotzeagatik. Defentsan tinko eutsi eta Peruk atsedenaldia arte markagailua hutsean mantentzea lortu zuen, Cicheroren burukada heldu zen arte korner batean. Partida apurtu ondoren lasaiago aritu ahal izan ziren etxekoak eta hamar minutu falta zirenean bigarrena egin zuen Arizmendik kontraeraso batean.
Uruguai izango dute «Vinotinto»-koek aurkaria azken jardunaldian. Forlanen selekzioak garaipena erdietsi zuen Boliviaren kontra (1-0) eta lehen jardunaldian jasotako porrotaren ondorioak konpondu dituzte nahiz eta partida tristea jokatu.