GARA > Idatzia > Arrauna

Kantauriko Arraun Elkartea (KAE) - Bigarren multzoa

Portugalete izan da nagusi Donibane Lohizuneko badian

Ezkerraldekoek lortu zuten denbora onena bigarren txandan arraun eginda, baina Castrok lidergoari eutsi dio bigarren postuan sailkatu eta gero

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Badirudi Kantauriko Arraun Elkartearen bigarren multzoa emozioz betetakoa izango dela aurten. Iaz Kaikuk lehen postua nahi bezala eskuratu bazuen ere, denboraldiko lehen bi estropada puntuagarriek argi erakutsi dute maila honetan sekulako berdintasuna dagoela eta igoera postuak garesti egongo direla amaiera arte. Atzo, Donibane Lohizuneko badian, Portugalete izan zen ontzirik azkarrena Castro B eta Arkoteren aurretik. Lidergoari, beraz, La Marinera ontziak eutsi dio.

Portugaletek bigarren txandan egin zuen arraun, Getxo eta Arkoterekin batera. Ezkerraldekoek hasieratik hartu zuten aurrea, baina lehen bi ziabogetan sekulako lehia izan zuten Plentziako bigarren traineruarekin. Hirugarren ziabogan, ordea, aldea 10 segundokoa zen jada eta amaieran 16 sartu zizkion. Edozein modutan, Arkotek egindako lana ere benetan aipagarria da: hirugarren sailkatu ziren.

Paper gainean txandarik indartsuena hirugarrena zen. Eta azken txanda horretan Castro B izan zen irabazlea. Bigarren luzerako sekulako aldeak ireki zituen eta erlojuaren aurka lehiatu behar izan zuen. Amaieran, bigarren denbora onena ezarri zuten kantabriarrek eta ligako lehen postuari eutsiko diote.

Bestalde, nabarmentzeko modukoa da hirugarren txandan Hernanik eta Bustuarialdeak izan zuten lehia estu eta ikusgarria. Hernaniarrek kuadrila ederra batu dute KAE ligan estreinaldia egiteko eta atzo ere laugarren postu bikaina lortu zuten Elantxobekoei 28 ehuneneko eskas sartuta.

Bezperako lanekin alderatuta, gehien jaitsi zen trainerua Deustuko Tomatera izan zen. Orion erlojuaren aurka laugarren postuan amaitu zuten, baina atzo zortzigarren lekuraino joan ziren. Azkeneko postuetan, eta denboraldia hasi aurretik ere pentsatzekoa zen moduan, Hibaika eta Raspas dabiltza. Errenteriakoek Orion huts egin zuten hirugarren ziaboga hartzerakoan eta atzo ere azkenaurreko postuan amaitu zuten. Bizkaitarrek, nahikoa lan izango dute azkenak ez izaten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo