GARA > Idatzia > Herri-kirolak

sega Gipuzkoako finala

Gabirondok iaz lortutako txapelari eutsi egin dio

Gazteluarra zen finaleko segalaririk beteranoena, baina bera izan zen onena, eta sailetan ere bera izan zen azkarrena. Beraz, ongi merezita irabazi zuen

Jon LEUNDA | ABALTZISKETA

Ez da aldaketarik izango, eta Joxe Gabirondok iaz jantzi zuen txapelari eutsi egin zion atzo Larraitzen jokatu zuten Gipuzkoako finalean. Gaztelukoak bere atzetik iloba izan zuen, Goikoetxea, alegia. Atzoko faboritoa, Ormaetxea, aldiz, hirugarren izan zen.

Lau segalari sailkatu ziren finala jokatzeko, eta bakoitzak bederatzina sail eta ordubete zituzten lanean aritzeko. Belarra ongi zegoen, baina azpian lur dezente zegoen. Ikusleak, berriz, ez ziren gehiegi izan, 300 inguru izan baitziren. Dirua, Ormaetxearen alde atera zen.

Gabirondoren eta Goikoetxearen arteko dema hasieratik bukaerara izan zen. Lehen sailean txapelduna izan zen azkarrena, baina bigarrengoan, hirugarrengoan, eta laugarrengoan, Goikoetxeak lehenago amaitu zituen. Bosgarrengoan, eta seigarrengoan, berriro ere Gabirondo izan zen estreinakoa=, eta ordubeteko denbora amaitu zenean, denak zazpigarren sailean ari ziren lanean.

Orain arteko lan luzeko probetan Ormaetxea nagusi agertu da, baina atzo ez zuen izan egunik onena. Sailetan berehala atzeratu zen, eta gazteluarrek baino erritmo motelagoarekin ikusten zen.

Hala ere, segan aurretik joateak ez du esan nahi berak irabazi behar duenik, eta zalantza hori hor zegoen. Belar biltzaileak lanean hasi zirenean, ordea, garbi ikusi zen behetik denak berdintsu zebiltzala, eta lanak aurrera egin ahala, garbi zegoen txapela Gaztelura joango zela, nahiz eta zeinek jantziko zuen ez zegoen oso garbi.

Alkorta sailetan azkena izan zen ia beti, eta amaieran ere bera izan zen azkeneko postuan. Hori bai, belarra txukunen moztu zuena bera izan zen, beste hirurek zigorra jaso baitzuten, eta hogei kilo kendu zizkieten.

Ordubeteko saioa amaitu zenean, biltzaileen lana geratzen zen, baina gero eta garbiago zegoen txapela Gaztelura joango zela, eta azkenean Gabirondok jantzi zuen, eta iaz lortutakoari eutsi egin zion.

Joxe Gabirondo pozez gainezka zegoen atzoko finala amaitu ostean: «Nahiko lasai etorri naiz. Aste osoan esana nuen lehen posturako Ormaetxea eta Goikoetxea ikusten nituela, eta ni hirugarren postuaren bila ibili beharko nuela, baina azkenean txapela irabazi dut. Adin honekin horrelako garaipenek poz handia ematen dute», esan zuen Gipuzkoako txapeldun berriak.

Lanean oso gustura aritu zela onartu zuen: «Hasieratik ibili naiz ongi. Sailetan ongi nenbilen, eta besteak ez nituen ni baino hobeto ikusten, eta horrek indarra ematen dizu», onartu zuen gazteluarrak.

Orain Euskal Herriko Txapelketako finalerdia eta finala geratzen zaizkio, normalean azkeneko saioan ere izan behar duelako. Hala ere, presiorik gabe eta lasai joango dela agertu zuen: «Nazioarteko eran Euskal Herrikoa irabazi eta Europako Txapelketarako sailkatu naiz. Horrekin urtea egina nuela esan nuen, eta begira orain Gipuzkoakoa ere irabazi dut. Hemendik aurrera gertatzen dena gertatu denboraldia ona izan dela uste dut, eta Euskal Herrikora lasai joango naiz», esan zuen.

Atzoko txapelak aurrera jarraitzeko indarra ematen diola onartu zuen, baina datorren urteaz ez du pentsatu nahi: «Lehen esan bezala, adin honekin honelako txapel bat lortzeak sekulako poza eta indarra ematen dizu. Iaz ere lortu nuen, eta aurten zer egingo nuen ez nekiela esan nuen, eta gaur ere gauza bera esango dut, ez baitakit datorren urtean zer egingo dudan, oraindik urruti geratzen da datorren urtea», esan zuen Gipuzkoako txapeldunak.

Gazteluarrak nagusi

Gipuzkoako herri txiki bat da Gaztelu, baina segalari handiak eman ditu. Atzoko finalean bi kirolari ziren herri horretakoak: bata osaba, bestea iloba. Izan ere, lehen eta bigarren postuan amaitu zuten; ez da txantxetakoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo