GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Harri-jasotzea

Irigoien hasieratik bukaerara nagusitu da

J.L. | LEABURU

Aimar Irigoienek erraz irabazi zuen Gipuzkoako harri-jasotze Txapelketa. Errezildarrak 21 urte besterik ez ditu, eta garbi dago ezeren okerrik ez badu, urte batzuetarako txapelduna izango dela. Joseba Ostolatza agertzen zen aurkaririk handiena, baina harrijasotzaile zestoarrak errezildarraren atzetik geratu behar izan zuen.

Jendez bete egin zen Leaburuko Plaza Gipuzkoako finala zuzenean ikusteko asmoarekin. Kirolari bakoitzak 125 kiloko zilindro kopa, 112,5 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bola erabili behar zituzten, eta bakoitzarekin lanean aritzeko hiruna minutu zituzten hain zuzen.

Aimar Irigoienek lan bikaina egin zuen, eta atzo txapela janzteaz gain, herrialdeko marka ere lortu zuen, orain arte Izeta II.ak zuena gainditu baitzuen.

Errezildarra jaun eta jabe izan zen, eta garaipenak ez dauka inongo aitzakiarik. 34 aldiz jaso zuen 125eko zilindroa, 23 aldiz 112,5eko kubikoa eta 30 aldiz 100eko bola. Beraz, guztira, 9.837,5 kilo berdindu zituen bizkarraren gainean, eta 500 kiloko abantaila kendu zion Joseba Ostolatzari.

Zestaoarrak kubikoarekin bakarrik ibili zen Irigoienen parean, gainerako guztietan atzetik izan baitzen erabat. 32 aldiz jaso zuen zilindroa, 23 aldiz kubikoa eta 27 aldiz bola. Amaieran, 9.287 kilo jaso zituen.

Izeta III.ak lortu zuen hirugarren postua. Aiarrak ere ez zuen lan txarra egin, baina aurreko bien atzetik geratu behar izan zuen. 32 aldiz jaso zuen zilindroa, 20 aldiz kubikoa eta 26 aldiz bola. Amaieran, 8.857 kilo berdindu zituen bizkarrean.

Ezusterik ez

Hirugarren postutik atzera ez zen ezusterik izan, eta dena pentsatzen zen moduan joan zen. Laugarren postuan geratu zen Eizmendi. Zarauztarrak ere lan bikaina egin zuen; 26 jasoaldi eman zizkion zilindroari, 21 kubikoari eta 25 bolari.

Bosgarren postuan amaitu zuen Izeta IV.ak. Aiarrak, 26 aldiz berdindu zuen zilindroa, 18 aldiz kubikoa eta 22 aldiz bola. Telleria II.a izan zen seigarren, eta horrek 22 aldiz jaso zuen zilindroa, 15 aldiz kubikoa eta 22 aldiz bola. Lertxundi geratu zen zazpigarren eta azken postuan. Horrek 18 jasoaldi eman zizkion zilindroari, 12 kubikoari, eta 17 bolari.

Amaieran, beraz, txapela Errezil aldera joan zen, baina Aimar Irigoienen eta JosebaOstolatzaren arteko lehia ez da hor amaituko, Euskal Herriko harri handien eta harri txikien Txapelketan ere, txapela haien artean egongo baita, gauzak normal joaten badira, behintzat

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo