GARA > Idatzia > Kultura

Egoera «kezkagarria» izan arren, jaialdiak aurrera egiteko gogoa azaldu dute

Balantze gazi-gozoa azaldu zuten Euskal Herria Zuzenean jaialdiko antolatzaileek. Datuen aldetik, parte-hartzaileen kopurua behera egin zuela azaldu zuten. Hala, 18.000 lagun itxaroten bazituzten ere, 15.000 elkartzea lortu zuten eta horrek aurrekontuan arazoak sortuko omen ditu. Jaialdiarekin lan egiten duten banatzaileei, baita parte hartu duten musika taldeei ere esfortzua egiteko eskatu diete. Halere, proiektuarekin aurrera egingo dutela azaldu zuten.

Ainize BUTRON | IDAUZE-MENDI

Jaialdiak Zuberoan egiten duen laugarren edizioa amaitzekotan zela-eta, balantzearen ordua iritsi zen atzo. Hala, Idauze-Mendira iritsi direnetik gertatu den bezala, aurten ere datu txarrak zituztela nabarmendu zuten antolatzaileek.

Izan ere, jaialdia hasi orduko aurtengo edizioaren balantzea «kezkagarria» izango zela ikusi zuten antolatzaileek. Aurresalmenta aitzineko urteetan baino apalagoak izan zen, eta jaialdiaren hiru egunetan hasierako galtze hori ez dute berreskuratzea lortu.

Aurreko urteetan Idaude-Mendin 18.000 ikusle biltzea lortu zutela, aurten parte-hartzaile kopurua bertsua izango zela uste zuten antolatzaileek. Halere, datuak uste baino apalagoak izan ziren, hiru egunez 15.000 lagun baitziren.

Atzokoa aurretiko balantzea bazen ere, kopuru hori ikusita aurten «aurrekontua» ez zutela beteko ziurtatu zuen Patxi Tikoipe jaialdiaren presidenteak.

«Ostiralean datuak horretan zirela ikusi dugularik, gurekin lanean diren banatzaileei, baita, aurtengo edizioan parte hartu duten musikariei indar egiteko eskatu diegu, elkartasunaren izenean», nabarmendu zuen presidenteak.

Elkartasuna

EHZ festibalak urtez urte egindako lanaren ondorioz lorturiko ezagupenari esker, guztiek finkatu baino diru gutxiago izatea onartu zutela goraipatu nahi izan zuen Tikoipek. «Guztiak ados izan dira esfortzua egitean», esan zuen. Beraz, datuen aldetik, jaialdiaren balantzea negatiboa izan zen atzo.

Geroari begira, ordea, antolatzaileak baikortasuna agertu nahi izan zuten. Zaila izan arren, Euskal Herria Zuzenean jaialdiaren inguruan abiaturiko «komuneko lanarekin» jarraitzeko asmoa goraipatu zuen Patxi Tikoipek.

«Aurtengo edizioak galdera asko piztuko ditu gure baitan. Ez dugu izan oraindik horiei erantzunik emateko aukera. Gogoeta horiek jaialdia bukatu bezain laster hasiko ditugu. Hala, aurtengo edizioaren inguruan sorturiko elkartasun espirituak proiektuarekin jarraitzeko gogoa eman digu», nabarmendu zuen berriz ere jaialdiko lehendakariak. Aipamen horretan, bertan zeuden kazetariek festibala Zuberoan jarraituko zuenetz galdetu ziotelarik, Patxi Tikoipek, berriz ere, duela hiru urte EHZk egindako biltzar nagusian bozkatutakoa gogoratu zuen: «biltzar nagusi horretan festibala Zuberoan bost urtez igarotzearen alde bozkatu zuen gehiengoak. Epea ez da oraindik bete. Beraz, bost urteak igaro arte Idauze-Mendin jarraituko dugu».

Horiek hala, 2008ko jaialdia Idauze-Mendin jarraituko zuela ziurtatu zuen. «Urte guztiotan festibalaren bitartez sortu diren harremanak egitasmoarekin jarraitzeko gogoa ematen digu», gehitu zuen. Jarraitu ahal izateko, aldiz, zenbait galderei erantzun beharra zegoela berretsi zuen Tikoipek.

«Oraindik gauza asko zehazteke daude. Oraindino aurtengo jaialdia amaitu behar dugu. Baina, lan ardatzen artean festibalaren formatoarena dago, baita, instituzioekin dugun harremana», gaineratu zuen jaialdiaren lehendakariak.

Instituzioak

Horrenbestez, instituzioekin harreman zaila zutela goraipatu zuen. «Gure inguruko jaialdi gehienek %20ko diru-laguntza jasotzen dute. Gurri, aldiz, aurrekontuaren %4 bakarrik ematen digute instituzioek . Alta, baserri gune batean kalitatezko jaialdia eskaintzen saiatzen gara prezio apal batean. Oso urruti gaude bizi guneetatik, beraz, oraindik zailagoa zaigu aurrera egitea», esan zuen.

Instituzioekiko harreman arazoa jaialdiaren baitan egiten duten lanaren inguruan komunikatzeko dituzten zailtasunei lotu zuen Tikoipek. «Lekuko hautetsiengandik sostengu osoa daukagu, eta horrek aurrera egiteko gogoa ematen digu. Baina, instituzioekin harremana izateko orduan gauzak oso zail bilakatzen dira», gehitu zuen.

Zailtasun guztien gainetik, halere, jaialdiko ildo nagusiarekin jarraitzeko asmoa zutela nabarmendu zuen Tikoipek. Balantzea egiterakoan ez zegoen festibala arras bukatuta.

Horiek hala, atzoko ekitaldien artean, arratsaldeko kontzertuetatik kanpo, Laborantza Ganbara egiturak prestaturiko bazkaria goraipatu zuten antolatzaileek. Bazkariak, laurehun bat lagun elkartu zuen hain zuzen ere.

AURREKONTUA

Jaialdi gehienen aurrekontuaren %20 instituzioek emandako diru-laguntzek betetzen zutela gogoratu zuen Tikoipe presidenteak. EHZ jaialdiak, ordea, egitura publikoengandik jasotzen duen diru-laguntza %4ekoa da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo