GARA > Idatzia > Euskal Herria

Administrazioan, euskara «kolapso egoeran» da Kontseiluaren esanetan

Lakuak Administrazio Orokorra euskalduntzeko III. plangintzaldiaren balorazioaren aurrerapena egin du. Horren karira, Kontseiluak euskalduntze prozesuak «alde guztietatik» huts egiten duela gaitzetsi eta «kolapso egoeran» dagoela salatu du. Gainera, zenbait neurri agertu ditu.

Oihana LLORENTE |

Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia biltzen dituen EAEko administrazioa euskalduntzeko prozesua «kolapso egoeran» dagoela salatu zuen atzo Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak. Gainera, Lakuaren Administrazio Nagusia euskalduntzeko III. plangintzak «leku guztietatik» huts egiten duela jakinarazi zuen.

Donostian egindako agerraldian, Kontseiluko idazkari nagusi Xabier Mendiguren administrazioa euskalduntzearekin kezkatua agertu zen. Egonezin horren adibide gisa adierazi zuen EAEko administrazioak euskara ez dakiten langileak kontratazen jarraitzen duela edota euskara ikastetik salbuetsitako langileak %80 direla. Era berean, arduradun politikoen erdiak euskaraz ez dakiten arren, ikasteko konpromisorik ez izatea eta euskalduntze prozesuan buru izan beharko luketen adminitrazioko goi buruak euskara ikastetik salbuetsita egotea gogor kritikatu zuen. Nahitaezko izateko data ere hizpide izan zuen Kontseiluko idazkari nagusiak, eta lanpostuen %40k besterik ez dutela data hori ezarria adierazi zuen.

Hizkuntzaren garapenean, administrazioak izan beharreko eginkizuna «hil edo bizikoa» dela deritzo Mendigurenek, eta, horregatik, herritarren hizkuntz eskubideak bermatzeko hutsune horiek betetzeko deia egin zien. Era berean, administrazio orok euskalduntze plana eduki behar lukeela esan zuen, eta «onartezintzat» jo zuen 25 urteren buruan, administrazioen erdiak bakarrik erabilera plana izatea.

Halaber, salbuespenez ere hitz egin zuen idazkari nagusiak, eta 45 urtetik gorako langile guztiak salbuetsita egotea gehiegizkotzat jo zuen. Gainera, epe zehatzak dituen hizkuntza politika behar dela nabarmendu zuen Mendigurenek.

Bestetik, Lakuak abiatuko duen IV. plangintzaldiari begira, hainbat neurri proposatu zituen Kontseiluak. Lehenik eta behin, administrazio orok erabilera plana izan behar duela nabarmendu zuen, eta plan horiek eduki beharreko hainbat gutxieneko zerrendatu zituen. Hala nola lanpostu guztietan nahitaezko datak izatea edota kontratatuko dituzten langileek bi hizkuntza ofizialak jakitea aipatu zituzten.

Gauzatu beharreko plangintzek helburu orokor eta lorgarriak izan behar dituztela adierazi zuten. Era berean, planak gizarte eragileekin batera koordinatu behar direla esan zuten. Ebaluazioak maiz eta garden egiteaz gain, erakunde independente batek zuzendu beharko lituzkeela deritzo Kontseiluak. Alde horretatik, elkarlanerako prestutasun osoa erakutsi zioten Lakuari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo