GARA > Idatzia > Mendia

ESKALADA Lehen bidea zabaldua

Arwa Tower Tximistaren danbateko ederra

Thomas Senf, Denis Burdet eta Stephan Siegrist suitzarrek Arwa Tower (6.352m) ipar-ekialdeko aurpegiaren lehen bidea zabaldu dute kapsula estiloan: Lightning strike (1.000 m, VI, 5.9, M5, A3).

Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA

Indiatik, Garhwal mendigunetik (Himalaia) hain zuzen ere, oso jardun bikaina iritsi berri zaigu. Helburua ez zen batere ezaguna; guztiz kontrakoa esan genezake. Mendigune horretako izar esanguratsuenetatik at, beste harri bitxi batean izan da. Indiako iparraldean, Txinarekin muga egiten duen alderdian, badira Arwa izeneko hiru tontor ezezagun zein erabat erakargarriak: Arwa Spire, Arwa Crest eta Arwa Tower. Bada, azken horretan, ipar-ekialdeko aurpegian, Thomas Senf, Denis Burdet eta Stephan Siegristek osatutako espedizio suitzarrak lehen bidea marraztu du.

Dorre ikoniko eder hori duela zortzi urte eskalatu zuten lehenengo aldiz. Mick Fowler eta Steve Sustad britainiarrek igo zuten baina, hori bai, paretaren ipar-mendebaldetik. Goi-mailako ekintza izan zen: 1.000 m, 5b, A3, V/VI (eskoziar eskalan).

Harrigarria bada ere, zortzi urte pasa ondoren, mendi gogor eta eder horrek benetako bigarren bisita hartu du. Eta harrigarria bada ere, 2000. urteko «American Alpine Journal» aldizkarian argitaratutako britainiarren argazkia izan da suitzarren espedizioaren abiapuntua. Hala ere, Fowlerrek eta Sustadek ez bezala, ipar-ekialdeko isurialdea aukeratu zuten; inork igo gabeko pareta, alegia. Eta hilabeteko irteeran, pasa den ekainaren zazpian, hormatzarraren lehen marrara iritsi ziren. Lightning strike izena jarri diote, eta zailtasun teknikoan honako emaitza eman du: 1.000 m, M5, 5.9, A3.

Arazoak gora eta behera

Suitzarrei aitortu behar zaie, beraiek hala baieztatu dutenez, ez zutela hasiera batere gozoa izan. Senfekin, Burdetekin eta Siegristen batera Anita Kolar eta Ines Papert joan ziren. Maiatzaren 5ean kanpaleku nagusia altxatu zuten (4.350 m), eta lehenbiziko buruhaustea handik gutxira izan zuten. Izan ere, Kolarrek biriketako edema izan zuen. Gorabehera hori medio, bi neskek espedizioa utzi eta arestian aipatutako hirukotea martxan jarri zen. Kanpaleku nagusi aurreratua 5.250 metrora jarri zuten eta, denbora galdu gabe, eskaladari ekin zioten. Baina, eguraldia ez zuten lagun eta lehenbiziko saioa bertan behera utzi behar izan zuten.

Ilargi aldaketaren zain ziren, eta hori maiatzaren azken egunarekin iritsi zen. Aurrean 1.000 metroko granitozko pareta ezezaguna zuten. Ondo baino hobeto aztertu ondoren, ikusi zuten makina bat zailtasun gainditu beharko zituztela, eta horrela gertatu zen.

Marra «logikoena» aukeratu zuten, baina jakin bazekiten denbora nahikotxo eskatuko ziela. Non demontre ote dira lagunduko diguten premiazko artesiak? Galdera hori behin eta berriro egiten zioten beren buruari. Hori ametsa zen. Izan ere, hormatzar oso homogeneo baten aurrean jardun behar izan zuten. Apenas zuen artesirik eta, hori dela eta, poliki-poliki joan behar izan zuten. Bai, eskaladaren zati gehienetan artifiziala erabili zuten eta, Siegristek hauxe adierazi du: «Eskerrak bird-peak (iltze txikiak) asko genituela. Horien erabilera klabea izan da goitik ateratzeko. Gainera, azken bi luze arte, zailtasuna handia zen, eta denbora osoan ahal genuen guztia egin behar izan genuen. Elurrarekin ere arazoak izan genituen. Behin baino gehiagotan pareta zuriz estaltzen zuen, eta oso arriskutsua egiten zuen eskalada».

Hirukote suitzarrak kapsula estiloa aukeratu zuen granitozko 1.000 metroko paretari aurre egiteko. Horrela bada, soka finko asko jarri eta hormatzarrean hiru kanpaleku altxatu zituzten. Azkenean, sei eguneko eskalada gogorraren ostean (elurraren baldintzak kaskarrak ziren eta arroka ere nahiko txarra), gailurra erdietsi zuten. Jaisteko beste bi egun egin zituzten. Ipar-ekialdeko paretak lehen bidea zuen: Lightning strike. «Espedizio osoa, hasieratik amaierara arte, gorabehera askotxorekin egin genuen. Alde positiboekin zein negatiboekin. Hori dela eta, izen hori jarri diogu bideari», argitu digu alpinista suitzarrak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo