GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hausnarketa egunarekin batera, kalejira egingo du bihar Milakabilakak Donostian

Oihana LLORENTE |

Konponbide demokratikoaren aldeko apustuan herritarren parte hartzea «ezinbestekoa» deritzo Milakabilaka herri ekimenak eta hori indartze bidean «konponbidearen aldeko kalejira» antolatu du biharko. Hitzordua Donostiako Kursaalean izanen da, 20.00tan; amaiera aldiz, kaian izango da, bertan egingo baitute ekitaldia. Lauretatik aurrera ordea, Euskal Herrian barna atxikimenduak biltzen aritzen den kamioia kaian izango da.

Milakabilakako kide diren Arritxu Santamaria, Castillo Suarez eta Arantxa Urbek, atzo Donostian egindako agerraldian kalejiraren berri emateaz haratago, datozen hilabeteetan gauzatuko dituzten urratsak izan zituzten aipagai. Pausu horiek gainera, herritarren parte hartze zuzena bultzazean eta Milakabilakaren inguruko hausnarketan eta aurrera begirako urrats berrien lanketan oinarrituko direla azpimarratu zuten.

Horiek horrela, bihar Milakabilakaren hausnarketa eguna izendatu dute eta 17.00 tatik aurrera ariketa hau bultzatu duten herritar guztien artean, Kursaal jauregian bertan, bilkura zabala eginen dute.

Urbek azaldutakoaren karira, hausnarketa faseak bi xede izango ditu; bata orain arteko balantzea egitea eta bestea, geroari begira Milakabilakak jorratu beharreko bidea zehaztea.

Milakabilaka urtarrilan sortu geroztik, egoera nabarmen aldatu bada ere, herri ekimen honen geroaz eztabaidatzea «inoiz baino garrantzitsuagoa» deritzote. Hausnarketa gainera, Euskal Herriak bizi duen gatazka gaindituko duen akordio politikoaren premian eta akordio horren alde abiatu nahi den indar sozialaren parte hartzean kokatuko dutela eman zuten jakitera atzoko agerraldian.

Hausnarketa beraz ez da biharkoan amaituko eta iraila eta urria bitarte urrats berriak ezagutuko dituela ere adierazi zuten.

Urtarrilean abiatutako bidetik jasotako uzta oparoa izan dela ere gogoratu zuten agerraldian, eta atxikimendu fasea urria bitarte luzatuko bada ere orain arteko hainbat datu ezagutarazi zituzten. Hala nola, 7.000 herritar izan dira euren atxikimendua eman dutenak; 300 bat egin duten elkarteak. Nazioartetik ere ugariak izan dira eskuratutako babesak eta herrialde ugarietatik 5.000 atxikimendu jaso direla adierazi zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo