GARA > Idatzia > Herri-kirolak

HERRI KIROLAK IV. Herri arteko Topaketak

Beasainek izan du azken jaialdia irabazteko ohorea

Ikastolen Konfederazioko antolatzaileak oso pozik daude aurten lortutako emaitza positiboekin

Imanol CARRILLO | DONOSTIA

«Giro paregabea izan da festan». Horrela laburtzen dute Xiba Herrien arteko Euskal jolas eta jokoen jaialdiko kideek egin duten azkeneko jaialdia. Izan ere, Euskal Herriko hainbat herritan antolatu ondoren, hala nola Baigorrin, Bergaran, Saran, Balmasedan, Gasteizen eta Atarrabian, Idauze-Mendin egin zuten laugarren edizioko azkeneko jaialdia.

Euskal Herriko lurralde guztietako lagunak bildu ziren iragandako larunbatean Zuberoako herri horretan. Bereziki, 20 herritako 300 partaide inguru.

Hainbat helburu ditu ekintza horrek. Alde batetik, euskal jolas, joko eta kirolak berreskuratu nahi dituzte giro berri batean. Horrekin batera, herrien arteko harremana bultzatzea bilatzen dute antolatzaileek. Beste alde batetik, berriz, euskal kulturarekin bizitzea dute helburu. Hori guztia euskara irizpide izanda antolatzen dute Ikastolen Konfederazioak bultzatutako Xiba jaialdia.

Azken jaialdi horretan, partaideek jolas eta jokoen berri dutela berretsita gelditu da. «Elkar komunikatzeko tresna gisa duten garrantzia eta zeinen erabilgarriak diren nabarmendu beharrean gaude», adierazi dute antolatzaileek.

Jolas eta jokoei dagokienez, hauek izan ziren partaideek gainditu behar izan zituzten probak: jaso/altxa, egurpila, auzolana, sokatira, toka, birlak, galotxa, xiba, musa, arpana eta dantza. Gainera, eguraldia lagun zutela, gazteek parrandarako, festa girorako, dantzarako, jolaserako, izerdirako, euskararako, emoziorako eta harremanetarako tartea ere izan zuten aurtengo ekitaldian.

Goiza euskal kirolak egiten pasatu ondoren, 300 partaideek Euskal Herria Zuzenean musika jaialdiaz gozatu ahal izan zuten hainbat ekitaldiz alaituta. Ondoren, partaide eta antolatzaile guztiek bazkari eder eta goxo bat eginda amaitutzat eman zuten larunbat goizeko txango neketsu baina alaitsua.

Omenaldia

Xiba Herrien arteko Euskal jolas eta jokoen jaialdiko laugarren edizioa zirraragarria izan zen. Jokoak amaitutakoan, Loinaz Urrestarazuri, Xiba jaialdi hauen hastapenetik parte hartu zuen Idiazabal taldeko kideari, omenaldi hunkigarri bat egin zioten. Izan ere, duela hilabete inguru auto istripu batean hil baitzen.

Antolatzaileek oso pozik amaitu zutela adierazi zuten: «Datorren urterako ilusio handiz bukatu dugula esan behar dugu eta ilusio horrekin, hurrengo urterako sorpresa eta ideia berriekin aritzeko hitza ematen dugu». Hurrengoa bosgarren ekitaldia izango da. «Fase berri bat irekitzeko balio behar digute aurreko lau urteetan hartutako eskarmentuak eta emandako fruituek», adierazi zuten antolatzaieek.

Ikastolen Konfederazioak oso positibotzat jo zuen ekitaldi guztia, eta eskerrak eman nahi izan zituen. «Eskertzekoa da hainbeste borondate hutsezko lana ikustea, eta, eskertzekoa da ere bai, Euskal Herriko ertz honetako inguru hauetara etorritako talde eta jendetza», adierazi zuen.

Herri irabazlea Beasain izan zen 1.252 punturekin. Bigarren postua Idiazabalgo lagunek lortu zuten, Loinaz Urrestarazuri egin ziezaioketen omenaldirik onena. Hirugarren postua Irañeta herriarentzat izan zen 1.232 punturekin.

Nahiz eta irabazleen podiuma hiru herri horietako partaideek osatu, kasu honetan parte hartu zuten herri guztiek irabazi zuten, bertan eta jaialdi osoan Euskal Herrian hain garrantzitsua den euskal kultura babestu baitzuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo