Malabar-en eta Hortzmugaren lanak aurkeztuko ditu Lekeitioko Jaialdiak
Ostiral honetan abiatuko da Lekeitioko Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdia. Atikus Teatro konpainia nafarraren eskutik etorriko da lehen ekitaldia. Beste lau euskal talde arituko dira, Hortzmuga tartean, bere proposamen berriarekin. Frantsesek dute beste ordezkaritza handia, Malabar, Carnage, Macadam Piano eta Les trois points de suspension-ekin.
Izaskun LABEAGA | BILBO
Hemezortzigarrenez egingo dute Lekeition Nazioarteko Antzerki Jaialdia. Aurreko bi urteetan ez bezala, antolakuntzak ez du aurten ekoizpen propiorik plazaratuko eta datorren ekitaldirako utzi du. Izan ere, muntaketak bi urterik behin egitea zen hasierako asmoa.
Lan propiorik ez dute aurkeztuko baina bai egitarau sendoa. Hiru zutabe nagusiren gainean sostengatzen da aurtengo kartela: bata, atzerritik etorritako taldeek osatzen dutena. Frantsesak dira denak, kale antzerkian eskarmentu handikoak guztiak.
Malabar da erakargarririk handiena. Hogeita sei urteko jarduera du egina eta mundu osoko agertokietara igo da. ``Helios II'' antzezlana da Lekeitiora ekarriko duena. Ikuskizun ibiltaria da. Helios intsektu kimerikoak eguzkiaren sorreraren kondaira kontatuko die herritarrei. Sei hankaluze pneumatiko, bi akrobata, bi musikari, lau tekniko manipulatzaile eta bi pirotekniko ditu lagun Helios txotxongilo erraldoiak. Horrek 24 metroko luzera du. Malabar-en kalejira larunbat gauez arituko da Lekeition barrena.
Carnage-k altueretan gertatzen den istorioa emango du larunbatean. Europan arrakasta handia duen taldea da Tolosatik datorrena eta urteak ziren Lekeitiora ekarri nahi zutela.
Egun bererako, Les trois points de suspension-en ``Monsieur Baryton'' iragarri dute. XXI. mendeko hankapaluekin ahoa bete hortz utziko dute bat baino gehiago, zalantza barik.
Igandean, Macadam Piano-ren eskutik, Mozart, Schubert, Trenet eta beste konpositore batzuen musika zabalduko da bazter guztietara.
Konpainia berria
Jaialdiaren irekiera Atikus konpainiari egokituko zaio, ostiralean, 20.00etan. Asun Abadek eta Angel Saguesek sortutako taldea da. ``El Cucumis-melo'' parodiarekin aurkeztuko du bere burua Lekeitioko ikusleen aurrean.
Bost dira aurtengo jaialdian agertuko diren euskal taldeak. Gure lurraldean sortu diren ekoizpen berrien artean «interesgarrienak» ekartzen saiatu direla esan zuen atzo Imanol Agirre Lekeitioko Antzerki Topaketen arduradunak.
Ostiralerako Atikus Teatro ez ezik, Gaitzerdi ere gonbidatu dute. ``Kulunka'' lanarekin azalduko da.
«Correfocs»a, beste behin ere
Larunbatean, Trapu Zaharra eta Deabru Beltzak konpainien lanak ikusteko modua izango da: ``Vis a Vis'' eta ``Bande Deplace'', hurrenez hurren.
Hortzmugaren lanak ikusmira sortu du. Viladecans Al Carrer-ko (Bartzelona) jaialdiarekin batera ekoitzi ``Momento'' estreinatuko du Katalunian ostiralean eta Euskal Herrian lehenengoz ikusiko da igandean, Lekeition, jaialdia ixteko.
Kataluniatik Scura Splats bertaratuko da. Ohikoak bilakatu dira jaialdi honetan correfocs-ak, suaren azpian dantzan egitea gustatzen zaie, nonbait, lekeitiarrei eta bertaratzen diren jarraitzaile zintzoei. Lehenengo egunean izango dira musika eta pirotekniaz baliatuz.
Malabar da erakargarririk handiena. Hogeita sei urteko jarduera du egina eta mundu osoko agertokietara igo da. ``Helios II'' antzezlana ekarriko du Lekeitiora. Ikuskizun ibiltaria da.
Hamalau eta hamazazpi urte bitarteko 25 gazte Lekeition dira egun hauetan arte eszenikoetara hurbiltzeko udalekuan parte hartzen. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eidabe kultur kudeatzailearen arteko elkarlanaren fruitu da ekimena.
Igandean iritsi ziren gazteak kostaldeko herrira eta hilaren 9a bitarte izango dira Trinkete aterpetxean. Udalekuan antzerki munduko hainbat gai landuko dituzte: makillaje profesionala, zinema ikastaroa, idazmena lantzeko sormena eta hankapaluekin ibiltzeko teknikak irakatsiko dizkiete, beste eduki batzuen artean.
Ikastolen konfederazioak ere sormena ardatz duen udaleku bat antolatu du Lekeition, Jaialdiaren egunen inguruan.
I.L.