AMATEUR Bizkaiko Bira
Azpiru eta Baqueren arteko lehia espero da errepidean
Paresi eta El Vivero gainek eta Mungiako erlojupekoak erabakiko dute
U.I. | BILBO
Euskaldun talde onenek ospeko garaipen bat bilatuko dute bihartik igandera Bizkaiko Biran. Antolakuntzak ikuskizunaz gozatzeko bost etapako ibilbidea prestatu du, eta gaur Sopelan hasiko da. Paresi eta El Vivero gainek eta Mungiako erloju- pekoak erabakiko dute itzulia.
Azken lasterketetan, Azpiru eta Baque arteko lehia egon da, eta Biran faboritoak izango dira. Ezbairik gabe, gipuzkoarrak nagusitu dira, eta Ferrari izango dute liderra; Pujol eta Artola izango ditu laguntzaile. Bizkaitarrek, berriz, iaz Martinek egin bezala, irabaztea dute helburu, eta Esteban eta Salas igotzaileak dituzte taldeburuak.
Lizartek Amador aurkeztuko du; orain arte, Costa Ricako amateurrak sekulako erakustaldiak eman ditu, baina iragan astean itzuli zen Euskal Herrira. Lehiatu gabe egon da, beraz, litekeena da erritmo falta nabaritzea.
Bidelan eta Caja Rural taldeek txirrindulari sendoak aurkeztuko dituzte, eta aukerak bilatuko dituzte. Bestetik, Seguros Bilbao eta Suminam gazteak dira.
Estatu espainoletik honako taldeak lehiatuko dira: Saunier Duval, Würth, Spiuk, Ditec, Froiz, Sectec eta Andalucia; Errusiatik Lokomotiv eta Belgikatik Valoniako selekzioa.
Itzulia gorabeheratsua da; guztira, 16 mendate dituzte gainditzeko parte-hartzaileek, Paresi hirugarren saioan eta El Vivero bi aldiz bosgarrenean. Larunbatean, aldiz, irabazteko faboritoek 10,6 kilometroko erlojupekoa dute Mungian. Gaur, Sopelan aurreneko lasterketa dute faboritoek.