«Ornitorrinkus»: musika garaikidea eta bertsoa bat hartuta eta bide berrien peskizan
UEUko bertsolantegian Eibarren egingo dute emanaldia Maialen Lujanbiok, Judith Monterok eta Xabier Erkiziak gaur, 22.30ean. Bakoitzak beretik jarriko du; bertsoa, saxoa eta musika esperimentala.
Amagoia MUJIKA | DONOSTIA
«Ornitorrinkus» esperimentazio saio bat da, arakatzeko behar eta gogo baten emaitza. Hala definitzen dute martxan jarri dutenek. Judith Montero eta Maialen Lujanbio hernaniarrak dira, eta herritik ezagutzen dute elkar. Baina herria ez da komunean duten gauza bakarra. «Baditugu interes puntu eta kezka komunak. Ideologikoki eta gaien aldetik baditugu antzekotasunak eta biek genuen gai horiek plazaratzeko gogoa. Judithek musika garaikidea egiten du eta nik, bertsoa, eta bagenuen, gainera, elkarren alorrekiko interesa. Horregatik hasi ginen elkarlanean, gai horiek, interes horiek, plazaratzeko bide eta modu bat bilatzeko», esan du Maialen Lujanbiok.
Proiektu berezi horren abiapuntua, beraz, bide berriak edo desberdinak irekitzeko gogoa da. «Beti egiten dudanaz gain, beste bide batzuk eta beste modu batzuk zer ematen duten jakiteko eta ikertzeko gogoa nuen, eta Judithek ere bai», gaineratu du bertsolari hernaniarrak.
Uda sasoiko martxan dabil Lujanbio, festaz festa eta plazaz plaza. Eta gustura dabil martxa horretan, betegarria zaio bat-bateko bertsolaritza. Baina, baditu bestelako zirrarak eta nahiak. «Batzuetan beste testuinguru batean sartzeko gogoa sentitzen duzu, beste jende batengana iristeko gogoa, zugandik gertu dagoen jendea baina saioetatik aparteago geratzen dena. Eta saioetan erabiltzen ez diren hizkuntza, modua eta gaiak lantzeko beharra eta gogoa ere sentitzen duzu batzuetan».
Bilatutako deserosotasuna
Musika garaikidea, bertsolaritza eta elektronika biltzen ditu proiektuak, Lujanbio eta Monteroren esperimentazio trenera igo baita Xabier Erkizia, hotsak, soinuak eta zaratak jartzen dituena. Gehienbat testu idatziekin jarduten du Lujanbiok. «Emanaldi honetan bertsotan egiten dut baina bertsoa modu zabalago batean ulertuta, hitzetik beretik abiatuta baina helmugarik gabe. Bertsoaren barruan bertan saiatzen naiz esperimentatzen, askotan deseroso agertzeraino, baina neronek bilatutako deserosotasuna da. Neure buruaren beste alderdi batzuk edo bertsoaren beraren beste aukera batzuk ezagutzeko nahia eta arakatzeko saiakera bat da», agertu du.
Gaiei dagokienez, «Ornitorrinkus» emanaldian ez dituzte gai sozialak lantzen, baizik eta «mundu guztiaren gaiak». «Gaiak pertsonalagoak dira, eta mundu guztiarenak modu berean», azaldu du Lujanbiok.
Emanaldi bakoitza pieza bakarra da, nahiz eta baden bizkarrezur nagusi bat, Ornitorrinkoaren ideia sinbolikoaren ingurukoa, hain zuzen. Baina saiatzen dira, era berean, emanaldiak kontestura egokitzen, lekuan lekurako zerbait egiten. Gaur iluntzean Eibarren izango dira, UEUko bertsolantegian emanaldi bat egiteko.
Jardunaldietako gaurko gaiak «generoa eta sorkuntza» izango dira eta «Ornitorrinkus»-eko saioa horri begira jarriko dute. «Emakume sortzaileari buruz arituko dira bertsolantegian, emakume izanda zure jarduna publiko egiten duzunean gertatzen diren zailtasunen inguruan arituko dira eta gu ere bai. Hori izango da gure testuingurua», esan du Lujanbiok. Eta tokia ere berezia izango da, parrokiko klaustroan egingo baitute saioa. Gaurko emanaldiak, beraz, berezia izateko osagai askotxo izango ditu.
Non: Eibarko San Andres parrokiaren klaustroan.
Noiz: Uztailaren 4an, 22.30ean.
Parte-hartzaileak: Judith Montero (saxofoi sopranoa, altua, tenorra eta baritonoa), Maialen Lujanbio (hitzak eta bertsoak) eta Xabi Erkizia (hotsak, soinuak eta zaratak).