GARA > Idatzia > Kultura

Master berria antzerkia eta arte eszenikoak landu nahi dituztenentzat

Arrate ETXEBARRIA | BILBO

EHUko Arte Ederretako Fakultateko Irudi Sailak, Bilbao Arte fundazioaren laguntzarekin, Antzerki eta Arte Eszenikoetako graduondoko berezko titulua aurkeztu zuen atzo Bilbon.

Ikastaro horren oinarriak antzezlea eta bere prestakuntza izango dira eta eskola praktikoek berebiziko garrantzia izango dute.

Landuko diren irakasgaien artean, inprobisazioa, antzezlearen sorkuntza maila, performance-a, ahots teknika eta antzerki teoriak izango dira.

Kalitatezko heziketa eskaini nahi dute antolatzaileek. Horretarako, 21 irakaslek lan egingo dute proiektu horretan; hamar EHUko irakasleak dira eta gainerakoak antzerkian diharduten profesionalak. Horrez gainera, hainbat tokitako irakasleak bertaratuko dira, esate baterako, Bartzelonako Institut del Teatreko irakasleak edo Madrilgo Resad antzerki eskolako adituak.

Eskolak urriaren 26an hasi eta uztailaren 5ean amaituko dira. Ikasleek zuzeneko 270 ordu izango dituzte, astean bi egunetan banatuta, ostiral arratsaldetan eta larunbat goizetan.

Informazio erabilgarria

Aurrez izena emateko epea uztailaren 14a arte dago zabalik, baina irailean ere egin ahal da. Kasu horretan, hilaren 1etik 21era bitartean eman ahal izango dute izena interesa dutenek.

Izena emateko baldintza batzuk bete behar dituzte ikasleek. Unibertsitateko tituluren bat dutenek ez dute inolako arazorik izango izena emateko. Antzezle profesionalek bertan matrikulatzeko aukera izango dute unibertsitatera sartzeko baldintzak betetzen badituzte. Baldintza horiek betetzen ez dituenak ezingo du graduondoa osorik egin, modulu batzuk egiteko aukera baino ez du izango. Horiek ez dute titulua lortuko baina bertaratze ziurtagiri bat emango zaie.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo