Laura Mintegi Idazlea
Zergatik jartzen diren bonbak
Poliziak eta agintariek ez dute zalantzarik. Al Kaeda izan da. Londresen gaude. Yemenen gaude. Madrilen gaude. New Yorken gaude. Lekua ez da axola. Ez da ardura garaia, urtea, data. Al Kaeda izan da. Hor amaitzen omen da agintarien zeregina, egileak zeintzuk izan omen diren esanda beste guztia berez ulertuko balitz bezala. Ai, neska-mutiko gaiztoak izan badira, akabo, amaitu da logika, amaitu da arrazonatzea, amaitu da irtenbiderik egon litekeenik pentsatu ahal izatea. Al Kaeda, egun, kaosaren sinonimoa da, ez-logikaren sinboloa, irrazionaltasunaren isla.
Albistea goitik behera irakurri, behetik gora, zeharka, trabeska eta okerreretara, eta ezin aurkitu hitz bakarra egileen asmoei buruz, zer-nolako aldarria egin duten -egin baldin badute-, zeren peskizan aritu diren ekintzarekin, zein zen espero zuten emaitza, zeri erantzuten dioten, non egon den haserrearen jatorria. Edo, pentsatu behar dugu haizeak jota jardun dutela horrela? Nork uste du talde armatuak sortu egiten direla munduan zehar inolako arrazoirik gabe, haatik?
Burdin okerrak eta zatikatuak ikusi ditugu, noizbait autoak izandako gailu belztuak, arabieraz idatzitako azpitituluak telebista lokaletan, politikarien aurpegi goibelak, banderak masta erdian, telesaio guztietako solaskideak besteen gainetik iritzia plazaratu nahian. Ikuskizuna. Espektakulua. Eta zer nahi zuten bonbagileek? Zergatik jarri dituzte bonbak?
Pentsa ez dezagula eta soilik senti dezagula esakatzen zaigu boteretik. Ikaragarria izan dela esatea, eta ez galdetzea zergatik izan den. Horretarako ikuskizuna antolatzen zaigu, tamaina handiko ikuskizuna, zenbat eta handiagoa tarte gutxiago baitago logika topatzeko, zergatiaren arrastorik eduki ez dezagun. Hondamendiak izan, gerrak izan, atentatuak izan edo futbol partidak, gure afektibitateari egiten zaio dei, eta ez gure pentsaerari. Ikuskizuna zerbitzaturik dago, eta ikuskizunak ikusleak behar ditu, ez aztertzaileak.
Egunkerokotasunak jan egiten gaituela sentiarazi nahi digute. Azarea ei da, edo bestela azareaz mozorroturiko ekintza zoroak, edonola ere, ulertezinak suertatzen diren gertakizunak kateatzen dira baloreen krisialdia irudikatzeko. Inpotentzia sentsazioa areagotzen da, soluzioa norberaren esku ez dagoelako sentsazioa finean. Ezer egiterik ez dago, uholdeak izan, suteak izan, edo ozono geruzaren mehetzea; halakoxeak dira terrorismo ekintzak, kontrolezinak. Honela aurkezten da fenomenoa. Etxe suntsituak, gorpuzkinak nonahi, auto kiska- liak, eraikuntza deseginak, dena da patua, dena dago gure baliabideetatik at. Goethek zioen «desordena baino lehen, hobe injustizia» edo, gure etxean sarritan entzuten genuen moduan «por la paz un avemaría».
Eta ez. Ez da horrela. Jakin nahi dut talde armatu horren zergatia. Jakin nahiko nituzke ekintzaileen argumentoak, konpartitzeko edo kritikatzeko, laguntzeko edo deitoratzeko, bat egiteko edo salatzeko. Baina jakin. Jakin zergatik jarri dituzten bonbak.