Ongi etorriak zezen, txiza eta txistorra lurrineko hirira
Antolatzaileen arabera, jai giroan murgiltzeak gustuak arintzea omen dakar eta, jakiekin gertatu ohi den bezala, gure eskakizunak moteltzen ditugu. Gauza bat da, aldiz, txistorra bokatak ausarki jatea, aise aurkitzen den bazka delako eta, beste bat, halako musika eskasak denon gustukoa izan behar duela uste izatea. Zorionez, kalitate handiagoko taldeak ere izanen dira
Blanca IZKUE
Musikagintzako langilea
Zuetako askok, bihar edo etzi Iruñera etortzeko planak eginak izanen dituzue. Hemen bizi garenok, aldiz, nahi eta nahi ez Sanferminetan ibiliko gara, batzuk jaiaz gozatzeko desiotan, behartuta beste batzuk. Aurten bi asteburu izanen dituen festa ospetsu eta jendetsu hauetan, betiko legez, musika izanen da protagonista. Doako musika gainera -denon artean ordaindutakoa-, udan ezohikoa den generoa. Txarangak karrikan barrena, peñen pankarten atzean, jai giroa hedatzen. Doinu horiek etxera eraman nahi dituenak Peñen Federazioak argitaratutako «16 kolore, jai bat» diskoan bilduta aurkituko ditu.
Txistulariak, gaitariak, erromeria taldeak, edozein kale kantoitan paratzen diren musikari espontaneoak. Gaueko 12etan, berriz, programazio ofizialaren barruko kontzertu garrantzitsuenak egingo dira. Lau gunetan banatzen dira: Gaztelu plazan, Foruen plazan, Media Luna parkean eta Compañía plazan. Toki bakoitzak bere ezaugarriak ditu, publiko zabalari edo musika mota zehatz bat maite dutenei zuzenduak baitira.
Hiriko bihotzean, gure aztarna arkeologikoak deuseztatu zituen aparkalekuaren gainean, «Plaza zabala» programazioa izango da, eta La Orquesta Mondragón, Malú, Tamara edo Tam Tam Go tankerako emanaldiak izanen ditugu. «Gustu guztietarako kontzertuak» edota «familia osoari» zuzenduak omen dira hauek. Antolatzaileen arabera, jai giroan murgiltzeak gustuak arintzea omen dakar eta, jakiekin gertatu ohi den bezala, gure eskakizunak moteltzen ditugu.
Gauza bat da, aldiz, txistorra bokatak ausarki jatea, aise aurkitzen den bazka delako eta, beste bat, halako musika eskasak denon gustukoa izan behar duela uste izatea. Zorionez, kalitate handiagoko taldeak ere izanen dira, Maceo Parker esaterako. Foruen plazan sona handiko taldeak ariko dira: Barricada bihar, The Wailers 9an, Baron Rojo 11n. Euskaraz egindako musika, berriz, Media Luna parkean hedatuko da, eta gune honetan Bidaiaren folka eta Lisabö, Kerobia edota Ezinean taldeen rock indartsua entzuteko parada egonen da. Eta jazza maite dutenek, Compañia plazan txoko lasai eta dotorea aurkituko dute. Zeuen esku dituzue aukera guztiak. Probestu musutruk dituzuen kontzertuok. Ongi pasatzera zatoztenak, ongi etorriak. Eta asko eskatzea ez bada, otoi, txiza komunetan egin.