GARA > Idatzia > Musika

Beastie Boys Beverly Knight Brand New Heavies

«The Mix Up» (Capitol, 2007) «MUSIC CITY SOUL» (Parlophone, 2007) «ELEPHANTITIS» (The Funky Chemist, 2007)

Besteak beste, Bad Brains taldearen disko berriko ekoizpenean aritu eta gero, lan berria aurkeztu dute (hiru urte igaro dira «To The 5 Boroughs» kaleratu zutenetik). Maisu dira estiloen mugak apurtzen; hardcore-punk erritmoekin hasi eta rap musikaren ezinbesteko talde bilakatu dira (tartean, jazza eta rocka). Diamond, Horovitz and Yauch dira base erritmikoaren arduradunak (bateria, gitarra eta baxua) eta, laguntzaile, Money Mark teklatuetan eta Alfredo Ortiz perkusioetan.

Nork dio musikaren izarrak AEBetan soilik aurki daitezkeela? Beverly Knight abeslaria Ingalaterran bizi da eta urteak daramatza soul, jazz eta gospel doinuak abesten. Arimaren musika abesteko ordea ez da nahikoa ahots ederra edukitzea, sentimenduak adierazteko gaitasuna behar da. «Music City Soul», Beverly Knight-en estudioko bosgarren diskoa da eta Nashville hirian grabatu du. Grabazioa bost egunetan egin dute eta Al Greenekin edota Elvis Presleyrekin aritutako zenbait musikarik hartu dute parte.

90eko hamarkadaren hasieran, 60ko eta 70eko hamarkadetako soul, jazz eta funk musiken pizkundea gertatu zen Ingalaterran. Areto eta dantzaleku gutxi batzuetan hasi zenak arrakasta komertziala lortu zuen, besteak beste, Brand New Heavies taldeari esker (Acid Jazz diskoetxearen bitartez). Urte hauetan guztietan Brand New Heavies taldeak gorabehera ugari izan ditu eta, orain, taldearen kantuen nahasketa eta bitxikeriak jasotzen dituen disko bikoitza kaleratuko da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo