Uztaileko jazz denboraldi oparoa abian da Getxoko jaialdiarekin
A. BILBAO | BILBO
Estraineko gaua Romano, Sclavis eta Texier hirukotearekin gozatu ostean, hemen da Getxoko Jazz jaialdiaren bigarren saioa. Uri Caine piano-jotzaile Philadelphiarrak eta Paolo Fresu tronpeta-jotzaile sardiniarrak elkarrekin beteko dute. Bihar, berriz, Ornette Colemanen laukotean free jazza jotako Charlie Haden kontrabaxu-jotzailearen Quartet West.
Asteburuan jaialdiak gailurra joko du. Larunbatean, Lee Konitz saxofoi-jotzaile handiaren nonetoa. Lennie Tristano piano-jotzailearen ikasle, cool jazzaren maisu chicagoarrak Miles Davisekin jotzeko aukera ere izan zuen. Ondoren, igandean, jaialdiaren agurra, Chucho Valdés piano-jotzaile kubatarraren boskotearekin. Bebo Valdés entzutetsuaren semea dugu latin jazzmana.
Taldeen lehiaketa ere egingo dute Algortako Bihotz Alai plazan, 21:30etik aurrera, Andrew's quartet, Mr. Chacho eta People Are Machine taldeekin eta, Getxo Antzokiko plazan, 19.30ean, doan, Hirugarren Milurtekoa atala.