PSEko hautagai Prietok adierazi du baduela Arabako Aldundia gobernatzeko babesa
GARA |
Hiru aste falta dira Arabako ahaldun nagusia hautatzeko, eta egun dauden hiru hautagaiek jarraitzen dute beraiek aukera ditzaten lanean. Ildo horretatik, PSEko buru Txarli Prietok atzo ziurtatu zuen berak jada baduela beharrezkoa duen babesa Aldundia gobernatzeko, nahiz eta ez zuen azaldu nork bozkatuko lukeen bere alde.
Atzoko Osoko Bilkuraren ostean, hedabideen aurrean hitz egin zuen PSEko Arabako idazkari nagusiak, eta bere alderdia Aldundiko «ardura hartzeko moduan» dagoela adierazi zuen. «Ahalik eta azkarren», gaineratu zuen. Hitz horiek esanda, Prietok gogoratu zuen babesik gabe «inork» ezin duela ahaldun nagusia izan, bere alderdiak eta EAJk, 14 biltzarkide dituztelako, eta PPk bat gehiago bakarrik duelako. Denak erabateko gehiengotik oso urruti.
Kazetariek, orduan, galdetu zioten ea berak baduen aipatu babes hori, eta Prietok hauxe erantzun zuen: «badaukat Aldundia zuzentzeko beharrezkoa eta nahikoa».
Ez zuen datu gehiago eman, ez eta aipatu ere zein eragin izan dezakeen herrialde horretan Nafarroan eta Gipuzkoan izan litezkeen itunak.
Bestaldetik, EAJko Xabier Agirrek bere alderdiak Arabako Aldundia zuzentzeko, PSNk Nafarroa gobernatzeko duen «zilegitasun bera» duela adierazi zuen. Izan ere, talde jeltzalea hirugarren indarrik bozkatuena izan zen Araban, eta PSN ere hirugarren geratu zen Nafarroan.
«Xake partida zaila»
Alderdien arteko harremanei dagokienez, Agirrek auzi honetan ezer berririk ez dagoela onartu zuen, eta bere ustez, hautagaitzetarako babesak lortzeko elkarrizketak, «une berean hainbat taulatan jokatzen diren xake partida zailak» bezalakoak direla.
Bere aburuz, «garrantzitsua da ikustea zer gertatzen den Nafarroan», herrialde horretan PSNk eta Nafarroa Baik Gobernu akordio batera heldu baitaitezke.
Dena den, Araban EAJk gobernatzeko aukera begi txarrekin ikustea eta Nafarroan PSN, hirugarren indarra izanik, gobernatzeko prest egotea deitoratu zuen. Bere apustua, edonola ere, EAJk, EAk eta EBk osatzen duten hirukoa Aldundira eramatea dela azaldu zuen.
Arabako Aldundiko gobernagarritasunari buruz ere hitz egin zuen Gasteizko alkate Patxi Lazcozek, eta hitzarmen politiko batek «duen izaera» duela adierazi zuen, Udalari mesede egingo liokeela, eta berak zuzentzen duen gobernuari «egonkortasuna» emango liokeela.
«Hitzarmen politiko bat egiten bada, berdin da zein, akordio horrek Gasteizko Udalari on egingo dio, eta udal gobernua eragingarriagoa izango da», aipatu zuen Lazcozek.
Arabako Biltzar Nagusiek hilaren 26an aukeratuko dute Osoko BIlkuran datorren legealdian herrialdea zuzenduko duen ahaldun nagusia, atzo Juan Antonio Zarate Biltzarretako presidenteak iragarri zuenez. Hain zuzen ere, hori da, legearen arabera, Aldundiko Gobernua izendatzeko azken eguna.
Ahaldun nagusia izateko hautagaiak, mementoz behintzat, hiru dira: PPko Javier de Andres, PSEko Txarli Prieto, eta EAJko Xabier Agirre. Hiru hautagai horiek hilaren 23a arteko epea daukate ofizialki kargurako hautagaitzak aurkezteko.
Atzo egindako Osoko Bilkuran, Bateraezintasunen Batzordeak ebatzi zuen ez dagoela biltzarkiderik bere karguarekin bateraezina dena, eta bilkuraren ostean, PSEko eta EAJko hautagaiek Zarateren erabakia kritikatu zuten, legeak utzitako epe burutu arte eraman duelako.
Agirrek deitoratu zuen PPko ordezkariak ez diola kasurik egin Bozeramaileen Batzordeari, eta Prietok Zarateri aurpegiratu zion ahaldun nagusia hautatzeko data inorekin hitzartu ez izana.
Zaratek, bere alderdiaren eta PSEren bozekin lortu zuen Biltzar Nagusietako lehendakari kargua.
GARA