GARA > Idatzia > Euskal Herria

EAE-ANVk hilaren 12rako manifestaziora deitu du Iruñean

Jasone MITXELTORENA |

Aurten bakerako sanferminak izan behar zuten arren, gatazkaren konponbideari atea itxi zaiola eta bertze urte batez aldarrikapenerako bestak izanen direla salatu zuten atzo, Iruñean. Horren adierazle izanen da hilaren 12an eginen duten manifestazioa, eta horretan parte hartzeko deia egin zuen EAE-ANV alderdiak. Sanferminetako zazpigarren egunean izanen da, 19.00etan, eta Golem zinemetatik abiatuko da.

Garai nahasiak direla nabarmendu zuten ezker bertzaleko ordezkariek. Oraindik hainbat udal osatu gabe daudela eta Nafarroako Gobernuaren inguruko zalantzak daudela esan, eta garai ilunak direla ohartarazi zuten. Euren hitzetan, EAJ eta PSOE alderdiek eten dute konponbiderako prozesua, eta herri mobilizazioak eginen du bideragarri berriz abiatzea. Ho- rrela izanik, presio sozialak ekarriko du aldaketa, jakinarazi zutenez.

Hurrengo hilabeteetan aldarrikapena izanen da ezker abertzalearen ekimenean ardatz nagusia. «Sanferminak bide horren abiapuntua izanen dira», azaldu zuten, eta horregatik, bai antolaturiko manifestazioan, bai bertze herri ekimenetan ere, «Konponbidea Euskal Herriarentzat» aldarrikapena nabarmenduko dute. Alderdiko kideek esan zutenez, nahiz eta Administrazioak trabak jarri, aurten herriko sanferminak ospatuko dira.

Ikurrina txupinazoan

Bertzalde, Iruñeko Uda- lean EAE-ANVko zinegotzi Mikel Gastesik txupinazoan ikurrina agertu beharraren inguruan adierazpenak egin zituen prentsara helarazitako ohar batean. Udal aldaketa gertatu denez gero, txupinazoan ere errealitate hori agerian utzi behar dela nabarmendu zuen Gastesik.

Haren hitzetan, iruindar anitzen nortasun sentimendua adierazten duen ikurrinak ez luke arazorik izan behar gisa horretako ekitaldi batean lekua izateko. Iruñeko EAE-ANVk hori horrela izan dadin saiatzeko konpromisoa agertu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo