Gatza, euskal presoen «pribilegioen» eredu
Heldu den igandean, 27 urte beteko dira Jose Mari Sagardui Gatza atxilotu, torturatu eta espetxeratu zutenetik. Europan kartzelan denbora handien daraman presoa izatearen «pribilegioa» dauka. Baina ez da hori Gatza-ren pribilegio bakarra. Atxilotu eta gero, hamar egunez torturatu zuten, eta ondoren, ezin kontatu ezagutu dituen kartzelak. Gainera, Estatu espainolak 27 urte horietan euskal preso politikoei ezarri dizkien politika guztiak ezagutu ditu, sakabanaketaren eta horren porrotaren ondorioz indarrean jarritako «mendeku» estrategia barne. Eta egun, 27 urteren bueltan, isolamendu gordinenean mantentzen dute preso zornotzarra: 22 ordu Jaengo sotoetako ziegetan ematen ditu. Horri deitzen omen zaio Espainiako hainbat esparrutan «pribilegiatua» izatea.
Jose Mari Sagarduik, bere historian, euskal preso politikoen kolektiboaren historia laburbiltzen du. Gatza-k, lehendabiziko pertsonan ezagutu ditu Estatu espainolak euskal presoak, haiek ordezkatzen duten borroka eta batzen dituen kolektiboa suntsitzeko, azken hiru hamarkadetan erabili dituen estrategia guzti-guztiak. Eta porrotak. Are gehiago, 27 urteren bueltan, eta sufritu behar izan dituenak sufrituta, borrokan tinko mantenduta Estatuaren porrotaren adierazpen bilakatu da Zornotzako presoa.