GARA > Idatzia > Kultura

Zaborra arte bilakatu, eta ingurumena zaintzeko eskaera egiten du «Zabormila» bildumak

Mendira egindako txangoetan topatutako zakarrari argazkiak aterata «Zabormila» erakusketa osatu du Axi Olanok. Interneten ez ezik, uztailean Gasteizko Hala Bedi eta Gora tabernetako paretetan egongo da.

Itziar AMESTOY | GASTEIZ

Tabernetako hormetan zaborra aurkitzea sinesgaitza dirudien arren, horretan datza, hain zuzen ere, Gora eta Hala Bedi tabernetan jarri duten erakusketa. Mendian ibilaldi batean topa daitekeen botila bati, paper edo poltsei esanahi berezia eman die Axi Olanok, «Zabormila» egitasmoaren arduradunak. Olanok urte askoan ikusitako zaborrei argazkiak atera dizkie eta gero moldatu ditu. Modu horretan, salaketa eta artea uztartzen dituen erakusketa osatu du.

Egitasmoa aspaldi Gorbeia parkean barrena egindako txango batean bururatu zitzaion Axi Olanori. «Leku babestu batean, hainbeste zabor aurkitzeak harritu ninduen», adierazi du Olanok. Une hartatik, Euskal Herriko hainbat bazterretan aurkitu dituen zaborrei argazkiak atera dizkie, eta pixkanaka «Zabormila» bilduma osatzen joan da. Hilabetez, Interneten ikusteko aukera egon da, baina orain, horrez gain, uztailean Gasteizko Alde Zaharreko Gora eta Hala Bedi tabernetako hormetan eseki du bilduma Olanok, deigarri suerta dadin.

Aspergarri ez bihurtzeko, erakusketaren arduradunak hilaren erdian argazki gehienak aldatuko ditu. Hortaz, zaborraren erabilera xelebre hori ikusi duenak beste ibilbide bat egin dezake uztailaren amaiera aldera jendeak botatzen dituen gauza harrigarriak ikusteko.

«Zabormila»ko argazkiak hondo beltzan jarrita daude, eta, irudiaz gain, aurkikuntzaren eguna eta lekua zehazten dira. «Espezie arraroak izango balira bezala, estetikarekin jolastu nahi nuen», aitortu du Olanok. Gainera, irudi batekin baino gehiagorekin jolasten du argazki bakoitzean; forma eta diseinu bereziak lortzen ditu modu horretan.

Erakusketaren hasierako asmoa jendearen jarrera salatzea izan zen arren, argazkiak erabiltzeko modua dela-eta bezeroak atera zaizkio «Zabormila»ri. Horiek hala, aldarrikapen asmoa sendotzen ari da. «Zergatik bota gero politak iruditzen bazaizkizu?», galdetzen du gasteiztarrak. Eta azken finean, horretan datza ekimenaren zentzua: argazkiak ikusita oroitzea behin mendian bota genuen patata-poltsaz edo freskagarriaren botilaz.

Inori «sermoia botatzeko» asmorik izan ez arren, jendea konzientatu nahi du argazki serie horrek, eta Interneten jarri ondoren, uztailean, lehendabiziko aldiz, kalera irten da. Horrez gainera, egileak adierazi du amaierarik gabeko bilduma bat dela eta, hortaz, zabaltzen joango dela. Horregatik, bilduma Euskal Herriko beste hiriburuetara ere eramateko xedea du Axi Olanok.

SALAKETA ETA ARTEA

Baloi puskatuari edo botila hustuari egindako argazkiak mendiak zikinak daudela salatzeko asmoarekin atera arren, artistikoak izatea lortu dute erakusketa horretan.

Fitxa

Lekua: Gasteizko Alde Zaharreko Gora eta Hala Bedi tabernak.

Data: Uztail osoa.

Informazio gehiago www.blogak.com/zabormila.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo