Italian barnako bira eginda hasiko du EGOk denboraldi berria
Hamargarren urtemuga biribila iaz bete zuen Euskal Herriko Gazte Orkestrak, eta egitarau oparoarekin egin zion aurre ospakizunari. Baina, aurten udararako ere erronka edota mugarri berezirik ere ezarri dio bere buruari. Hain zuzen ere, Florentziako Gazte Orkestren Jaialdian lehenengo aldiz parte hartzeko gonbitari baiezkoa eman, eta herrialde hartan bira «interesgarri» bat egin ez ezik, denboraldi berriaren zertzeladak Euskal Herrian bertan utziko ditu laster.
Izaro AULESTIARTE | DONOSTIA
Aurten, lehenengo aldiz, Euskal Herriko Gazte Orkestrak (EGOk) Florentziako Gazte Orkestren Jaialdian parte hartuko du. Jaialdi horrek hamar urte bete ditu eta munduan egiten diren halako ekitaldien artean garrantzitsuenetakoa da. Bertan, uztailaren 23tik 28ra 1.500 musikari baino gehiago elkartuko dira, 70 bat kontzertu eskaintzeko.
Halako ekimenetan parte hartu ahal izateko ezinbestekoa da aurrez aldetik gonbita jasotzea, eta, alde horretatik, pozarren dira EGOko arduradunak. Musikari euskaldun horiek ez ezik, bestalde, AEBetako zazpi gazte-or- kestra, Erresuma Batuko hiru, Herbehereetako beste hainbeste, eta Irlanda, Estonia eta Danimarkako beste batzuek ere hartuko dute parte hitzorduan.
Toskanan zehar hilaren 23tik 28ra bitartean izango da EGO, eta hainbat agertokitan jardungo du, Tetuccio de Montecatini Termen, Arezzoko Erromako Anfiteatroan eta Florentziako Chiesa Di Santo Stefano Al Ponte Vecchion, kasu. Gainera, egonaldia osatzeko, Luccan eta Sienan kultur bisitaldiak egiteko tarterik ere izango dute.
Lankidetza hitzarmena
EGOk udako denboraldia atzo aurkeztu zuen, Donostian. Hori aurrera ateratzeko, dena den, eta beste ezerren aurretik, Lakuako Kultura Sailaren eta BBKko, Kutxako eta Vital Kutxako Gizarte Ekintzen arteko lankidetza hitzarmena berretsi zen hedabideen aurrean. «Gobernuak eta euskal kutxek beste urrats bat egin dute gure herrialdeko musikari gazteei kalitatezko prestakuntza eskaintzeko», aipatu zuen Miren Azkaratek.
Osterantzean, udarari begira EGOk abiatuko duen hamaikagarren denboraldiari dagozkion zehaztasun nagusien berri Juan Jose Ocon Orkestrako zuzendari artistikoak berak eman zuen.
Musika programari dagokionez, esaterako, azaldu zuen EGOk udaran izango duten topaketa «bere historiako osoenetako bat» izango dela, hezkuntza-eskaintzaren ikuspegitik. «Iaz hamargarren urtemugarako eskaini genuena oso matematikoa izan zen, obra ederrak baina tratamendu zailekoak. Urtemuga berri honetarako, aldiz, askoz ere politagoa den musika aukeratu dugu, horizontalagoa», esan zuen. J. Guridiren «Amorosa», Tchaikovskyren 6. Sinfonia «Patetikoa», T. Araguesen «Mama» -Pavarottik Italian ezagun egin duena- eta Beethovenen 1. Sinfonia eskainiko dute -azken pieza hori Italiako biran joko dute eta ez, ordea Euskal Herriko emanaldietan-. Alegia, hilaren 20an Bilboko Euskalduna Jauregian arituko baitira; hilaren 21ean Donostiako Victoria Eugenian; eta, egun bat beranduago, Gasteizko Printzipalen.
Dena den, aurretik aipatu programa garatzeko, Eibarko heziketa-zentroan buru-belarri aritu beharko dituzte gazteek igande honetatik aurrera. Juan Jose Ocon izango dute zuzendari-artisko, eta Lorenz Nasturica Euskadiko Orkestra Sinfonikoko kontzertino maisuaren laguntza ere izango dute. Gainera, ergonomiari ere egingo diote tarterik jarduera horietan, Joxean Estebanez fisioterapeutaren laguntzarekin.
Bestalde, irakasle faltarik ere ez da izango. Anne Marie North, Catalin Bucataru, Paul Cortese, Herwig Coryn, Rodolfo Epelde, Jose Antonio Trigueros...
EGOk entzunaldiak egingo dizkie Orkestrako antzinako eta egungo 40 musikariri, orkestra profesionaletan lanean aritzeko beka-programa bat eskaintzeko (Euskadiko Orkestra Sinfonikoa izango da hartzailea). Gainera, 2008ko denboraldiko kontzeturen batean bakarlari gisa aritzeko probarik ere egingo du.